memoria historikoa

Fusilatutako hamar pertsona lurperatu dituzte Iruñeko hilerrian

Eskatu gabeko biktimen gorpuzkiak hartzeko panteoia prestatu du Iruñeko Udalak.

Fusilatutako hamar pertsona lurperatu dituzte Iruñeko hilerrian. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Lohizune Amatria.
2014ko abenduaren 12a
11:13
Entzun

“Panteoi honetan atseden hartuko duzue”. Fusilatutako hamar pertsonari zuzendu zaie Olga Alzeaga Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen elkarteko presidentea. “Loreak izango dituzue hemen, balio demokratikoak zituzten pertsona zintzo gisa gogoratuko zaituztegu. Eta, zuen identitatea ezagutzen ez dugunez, gu guztion aitak, aitonak eta osabak zarete”. Iruñeko hilerrian esan ditu hitzok, udalak prestatutako panteoiaren aurrean. Musu bat bidali die amaitzeko: “Noizbait zuen izen-abizenak ezagutuko ditugulakoan, agur”.

2010ean eta 2012an exhumatutako hamar gorpu lurperatu dituzte gaur Iruñeko hilerrian. Añezkarko eta Berriobeitiko hilerrien kanpoaldean, Erripako hilerrian eta Antxoritzen aurkitutako hobi komunean ziren: “78 urte itxaron behar izan dute era duinean hilobiratzeko”, azaldu du Alzeagak. “Hamar pertsonaren hezurrak utziko ditugu panteoian, bizitza izan ziren hezurrak, gizarte hobe bat lortzeko ilusioak izan zirenak”. Banaka sartu dituzte gorpuzkiak panteoian, biolin baten musikaz lagunduta. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak sinatutako hitzarmenaren ondorio izan da; haren bidez, eskatu gabeko 1936ko gerrako eta frankismoaren biktimen gorpuzkiak lurperatuko dituzte.

Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Morras ere izan dira ekitaldian. Haiei ere mintzatu zaie presidentea. Nafarroako Memoria Historikoaren legea betetzeko eskatu die, “lehen artikulutik azkenekora”; eta, proiektua osatzeko, fusilatutako 309 iruindarren izenak ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.