Hiru emakumeri sexu erasoak egiteagatik zigortutako gizon bat fitxatu du Portugaleteko (Bizkaia) futbol taldeak: Paul Abasolo. Portugaleteko Mugimendu Feministak horren kontra protesta egitera deituta, hainbat lagun elkatu ziren igandean La Florida futbol zelaian. Bertara joandakoek bandera moreak, kartelak eta bestelako tresnak eraman zituzten, eta horietako hainbat harmailetatik egotzi zituen Ertzaintzak.
Abasolo sexu erasoengatik zigortu zuten, eta ondoren indultatu, 2011n. Portugaleteko futbol klubak, ohar baten bidez, adierazi du Abasolok betea duela justiziak ezarritako kondena. Baina feministek joan den astean eginiko prentsaurrekoan adierazi zuten ezin dela halakorik esan, baizik eta "indultatua" izan dela, "onura politiko bat" jasota. Gainera, esan dutenez, "ezin da erasotzaile sexual baten errehabilitazioaz hitz egin, ez baitu damurik erakutsi egun dituen delituengatik". Era berean, "ekintza demagogikotzat" jo zuten jokalaria desabantaila sozial batean dagoela esatea, "asko direlako desabantaila sozial horretatik urrun dagoela dioten adierazleak". Garazi Tobar Portugaleteko Mugimendu Feministako kideak salatu zuenez, klubak "ez du ezer jakin nahi feministekin".
Feministek beren ekimena "ez politizatzeko" eskatu zuten. Azaldu zutenez, alderdi politiko baten bidez egitea da Portugaleten eskaera sozial bat osoko bilkurara eramateko bide bakarra. Hori dela eta, mozioa EH Bilduko zinegotziak defendatu zuen, Portugaleteko Mugimendu Feministari ez ziotelako horretarako "inolako aukerarik eman". Ekainaren 30ean, udaleko osoko bilkuran, PSE-EEk, EAJk eta PPk osatutako gehiengoak atzera bota zuen EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Esna Gaitezen taldeak bakarrik babestu zuen. Hala ere, udal talde guztiek fitxaketen irizpideen inguruko "gogoeta sakona" galdegin zioten klubari.
Abasolok hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen 2010ean, 2006an eta 2007an Gernika-Lumon (Bizkaia) gertatu ziren hiru sexu-abusu delitugatik. Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zion —ez da ohikoa sexu erasotzaileekin—, Rodriguez Zapateroren azken ministro kontseiluan.