Gaddafik zibilak bonbardatzen jarraitzen du

2011ko martxoaren 15a
18:43
Entzun

Muammar Gaddafi Libiako agintariaren indarrek Ajdabija herria bonbardatzen jarraitzen dute, Bengazira iritsi aurretik errebeldeek duten azken kokagune garrantzitsura bidean. Al Jazeera telebista kateak jakinarazi duenez, lau aldiz bonbardatu dute hiria Gaddafiren gerrarako hegazkinek, eta horietan hainbat familia hil dituzte. Al Jazeerak esan duenez, Ajdabijatik Bregarantz autoz ihes egiten ari ziren famili horietako kideak, eta hil egin dira bidaiariak.

Atzo Zuuaran ere hamarka zibil hil ziren, lekuko batek jakinarazi duenez, bonbardaketetan. Erasotzaileek, gainera, anbulantzien zirkulazioa oztopatu zutela salatu du, eta horregatik zaila dela zenbat hildako dauden zehaztea. Bonbardaketa horien ostean hiria hartu zuen Gaddafik, hain zuzen, Libia mendebaldean errebeldeen esku geratzen zen bakarrenetako bat.

Orain Ajdabijan jarriko du indarra Gaddfik. Ajdabija oso garrantzitsua da Gaddafirentzat, hiri hori hartuta Bengazin dauden errebeldeei Egiptoko muga itxi ahal izango liekelako. Errebeldeek azken orduetan laguntza eskatu diote nazioarteari, eta aire eremua ixteaz gain, Gaddafiren tankeak eta suziak deusezteko eskatu diote, The Guardian egunkariaren arabera. Gaddafi hiltzeko eskatu dutela ere argitaratu du egunkarri horrek.

Gaur, hala ere, Bregan dago arreta guztia jarrita. Errebeldeek Gaddafiren erasoari eusten saiatzen ari dira, eta hiria ez duela inork kontrolatzen esan dute lekukoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.