Hona hemen, aurrerapen gisa, Roberto Uriarteren esan batzuk:
- "Politikaren taulan lehen mailan jokatzen hasi gara, eta, ez dakit noiz, baina gai izango gara alternatiba bat sortzeko, eta irabazteko. (...) Gu zubi izan gaitezke nazionalista batzuen eta besteen artean, euskaldunen eta erdaldunen artean, eta beste gauza askotan ere bai. Gure proiektua aitaren etxea baino gehiago da amaren etxea; integratzailea da".
- "Nafarroan egoera bat dugu, eta EAEn beste bat, desberdina. Nafarroan UPNren gobernua kendu beharra dagoela ikusten dugu, eta, beraz, itunak egin behar ditugu beste indarrekin [Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrarekin]. Erkidego honetan, aldiz, itun politika batean sartuko bagina arrisku handia genuke EH Bilduk irensteko. Ez dugu EAJren eta EH Bilduren morroi bihurtzerik nahi".
- "EH Bilduk, eta bereziki Sortuk, alde batera utzi behar dituzte jarrera antidemokratikoak eta beste aukera politikoen mespretxuak, identitateari baino gehiago pluraltasunari eta integrazioari egin beharko liekete lekua, eta ETAk eragindako kalteak aitortze bidean lan handia dute egiteko".
- "Presoekin ere politika humanitario bat behar dugu, eta ez, egun bezala, mendekatzailea".
- "Herritarrok geure bizitzako erabaki garrantzisu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea da, hala ulertzen dugu guk. (...) Nire ustez, abertzaleentzat beraientzat ere erabakitzeko eskubidea ez da lehentasuna, beste arazo batzuk daudelako, baina erabakitzeko eskubidearen ikuspegi instrumental bat dute haiek. Guretzat, egitasmoak beti plantea eta gauzatu daitezke, baina prozesuak parte hartzailea izan behar du".