«Gainelikatuta dago egungo gizartea»

«XXI. mendeko izurritea» da gizentasuna, Juan Gondra irakasle eta medikuaren ustez. Arazo horri buruz hitz egin du Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan.

Donostia
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) iritziarekin bat dator EHUko Medikuntza Fakultateko irakasle Juan Gondra del Rio (Bilbo, 1958): XXI. mendeko izurritea da gizentasuna. Gondraren ustez, «faktore askok» eragiten dute arazoa, baina batzuk garrantzi handiadoa daukate, beste batzuk baino. Elikadura da faktore garrantzitsuenetako bat, Gondraren ustez: «Neurrigabeki elikatuta dago gaur egungo gizartea; jan nahi duena aukera dezake uneoro, eta nahi duen bezala prestatu. Oro har, gaizki samar egiten du».

Horri buruz hitz egin zuen Gondrak, hain justu, atzo, Donostiako Miramar jauregian. Beste irakasle eta mediku batzuekin batera, On egin: comer con buen provecho izeneko ikastaroa ematen ari da egunotan —gaur amaituko da—, EHUko Udako Ikastaroetan.

Gondrak uste du gizartea «nahiko gaizki» elikatzen dela. Batez ere, otorduak banatzeko orduan egiten ditu akatsak jendeak. Akats «larriena» gosariarekin egiten da: «Gosaria da eguneko otordurik garrantzitsuena, baina jendeak ez dio behar besteko garrantzia ematen. Askok gutxi gosaltzen dute; beste batzuek, berriz, ez dute ezer jaten». Goizean gutxi jateko ohiturak ondorioak dakartzala adierazi du Gondrak: «Gaua lotan igaro ostean, gorputzak erregaia behar du, egun osoan egoki funtzionatu dezan. Gosalorduan ezer jaten ez badugu, ez dugu energiarik izango, eta gure errendimendua jaitsi egingo da».

Otorduen banaketa

Horrez gain, Gondrak esan du «gaizki» banatzen direla otorduak egunean. Azaldu du «zortzi ordutan» barneratzen dituela jendeak egun oso batean hartu beharreko kaloriak, eta horrek «desorekak» eragiten dituela gorputzaren erritmoan: «Gutxi gosaldu badugu, hamaiketakoa egiten dugu lanean, gorputzari zer edo zer sartzeko; ondoren, bazkaldu egiten dugu. Handik gutxira, arratsaldean, askaldu egiten dugu, eta etxera iristean afaldu. Gizakiak gaizki banatzen ditu otorduak; egun oso bateko kaloriak zortzi orduan hartzen ditu».

Elikadura ez da, ordea, gizentasuna eragiten duen arrazoi bakarra. Gaur egungo gizartearen bizimoduak ere badu zer esana, Gondraren esanetan. Azken urteetan, gizakiaren bizimodua erosoago bilakatze aldera «urrats asko» egin direla uste du: autoak eta igogailuak, besteak beste, asko zabaldu dira, gizakiak esfortzu gutxiago egin dezan. Esan du «beharrezkoak» direla urrats horiek, baina uste du gizakiak «oreka» bilatu behar duela; gogorarazi du gizakiaren gorputza mugitzeko, ehizatzeko, ereiteko... diseinatua dagoela. «Gizakiak erregaia sartu bai, baina gero erretzen ez badu, pilatuz joango da pixkanaka, eta gizendu egingo da horren ondorioz, gero eta sedentarioago bihurtzearekin batera».

Horren harira, ariketa fisikoaren garrantzia nabarmendu du Gondrak: «Egunero komeni da ariketa fisikoa egitea, 30 minutuz gutxienez, jaten duguna erretzeko». Elikadura ona eta ariketa fisikoa uztartuz gero, «osasun arazo asko» saihets daitezke, Gondraren ustez: «Gizentasunari lotuta doazen hamar osasun arazotatik bost elikadura txarrak eta ariketa fisikoa ez egitearen ondorio dira». Ildo beretik, Gondrak gogorarazi du gizentasunak hainbat osasun arazo eragiten dituela: diabetesa, kolesterol altua eta bihotzeko arazoak aipatu ditu, besteak beste. Horregatik, esan du gizentasuna ez dela soilik moda kontua, eta ondorio larriagoak dakartzala; uste du horiek epe motzean nabaritzen ez direnez jendeak aintzat hartzen ez dituela.

Gondraren aburuz, mundu osoko biztanleen %50ek pairatzen dute gizentasuna; horietako asko haurrak dira. Gainera, «handitzen» ari da portzentajea, eta ez du behera egiteko zantzurik: «Haurrak etorkizuneko helduak izango dira, eta txikitatik horrelako arazoak badituzte, etorkizun txarra izango dute». Horren harira, esan du «ezinbestekoa» dela haurrak kontzientziatzea, eta ohitura osasuntsuagoetara ohitzea: «Finean, etorkizunean izango duzun bizi-kalitatea 8, 10 edo 12 urterekin bideratzen hasten da; adin horretan ohitura onak baldin badituzu hobeto biziko zara; txikitatik gaizki jan eta ariketa fisikorik egiten ez baduzu, berriz, aukera gehiago dituzu etorkizunean gaixotasun kronikoak edukitzeko».

«Mirariak ez dira existitzen»

Gaur egun oihartzun handia dute pisua azkar galtzeko dietek. «Mirariak ez dira existitzen», Gondraren ustez. Dieta horiek jarraitzen dituztenek kontrako efektuak lortzen dituztela esan du: «Hasieran azkar galtzen dute pisua, baina gerora, are azkarrago hartzen dituzte galdutako kiloak». Gondrak nabarmendu du pisua benetan galtzeko «mirari bakarrak» denetik jatea eta ariketa fisikoa egitea direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.