Pablo Simon Lorda. Familia medikua

«Gaitasun eza neurtzeko tresna automatikorik ez da; zalantzak izaten dira»

Bioetikaren arloan egindako ikerketek egin dute ezagun; Donostian izan da, berriki, gaixoen erabaki gaitasunari buruz hitz egiten eta gaitasun horren urraketak direla-eta adi ibiltzeko gakoak eskaintzen.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zalantzazkoa izaten da zenbaitetan gaixoek beren osasunaren gainean erabakiak hartzeko duten gaitasuna; adingabetasuna, urritasunak edo gaixotasunak gaitasun murriztaile izan daitezke, eta, kasurik larrienetan, gaitasun ezeztatzaile erabatekoak. Auzi etiko korapilatsuak sortzen dira horrelakoetan, argitzen zailak. Horiei buruz mintzatu zen lehengo astean Donostian Pablo Simon Lorda (1965, Zaragoza, Espainia) familia medikua, bioetika gaietan aditua. Gaitasun osotik ezgaitasunera jardunaldietan hitz egin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak bultzatutako Gizarte Etika Batzordeak antolatutako ekimena izan zen.

Medikuen eredua aldatzen ari dela diozu. Orojakileak ziruditen lehen, eta gaixoek haren irizpideen arabera jokatzea ontzat jotzen zen. Ez da guztiz desagertu eredu hori, baina eriaren nahiei gero eta gehiago erreparatzeko prozesua ondo doa?

Bai, elkarren berri izan eta bakoitzak bere ikuspegia emateko prozesua zabalik da. Gaixoak bere nahiak plazaratuko ditu; medikuak, berriz, bere ezagutzak eta jakinduria. Orain, hala ere, urrats bat harago dago hori guztia; orain arte osasun profesionalek uste zuten beren esku zegoela informazioaren kudeaketa, baina Internetek errotik aldatu du hori. Eriek informazio zientifiko eta teknikoa eskura dute, eta profesionalek, berriro ere, beren burua kokatu egin behar dute horren inguruan. Zein izango da dagokien lekua? Gaixoei informazioa kudeatzen laguntzea, informazio hori ulertzeko, eta horren araberako erabakiak hartzeko.

Eta norbait erabakiak hartzeko gai ez denean? Edo gaitasun hori urrituta duenean?

Oso gai zaila da. Gaitasun eza neurtzeko tresna automatikorik ez da; gero eta tresna hobeak ditugu, baina beti izango ditugu dudak. Orduan, hori ikusirik, zer? Beti, zalantza ikusirik, pertsonak gaitasuna duela ondorioztatu behar dugu. Baina, ukaezina da, zalantzak beti izango dira, eta horrek ondoez handia eragiten die osasun arloko profesionalei.

Zenbaitetan, urritasunak edo gaixotasunak jotako pertsonen gaitasun gabetzeak epaitegien bidez egiten dira. Kasu guztietan ezin da jakin, ordea, gaitasun gabetze hori betiko izango den, ezta?

Zenbaitetan gertatzen da horrelako epaiak dituzten pertsonak artatzen hasi, eta erabakiak hartzeko gai direla ikustea. Oso konplexua bihurtzen du horrek hau guztia, baina zenbaitetan halaxe izaten da. Orain dela urte batzuk gertatu zitzaigun, esaterako, eskizofreniak jotako zenbait pertsonarekin; eskizofrenia larriak jota zeuden, eta gaitasun gabetuta zeuden judizialki, baina, halako batean, merkatuan botika oso eraginkorrak agertu ziren, eta horien bidez pertsona horiek berriro ere erabakiak hartzeko gaitasuna berreskuratu zuten. Horregatik, epai horiek zenbaitetan berriro aztertu behar dira.

Osasun arloko profesionalak prest daude konplexutasun horrek dakartzan zailtasunei erantzuteko, edo zalantzak irentsi egiten ditu?

Halaxe da, irentsi egiten ditu; gizarte arloko profesionalak, gizarte laguntzaile eta antzekoak nahiko ohituta daude zalantzazko egoera horiekin, eta familia medikuoi ere ez zaizkigu arrotzak egiten. Baina ospitaleetan diharduten medikuei, edo espezialitate jakinetakoei, oro har, oso gogorra egiten zaie. Oso mundu konplexua da, eta oso ezkutua, gainera.

Baina erabakiak hartu behar dira. Eria gai ez denean nork hartzen ditu?

Bada, berak aldez aurretik bizi testamentuaren edo antzeko agiriren batez ordezkari bat izendatu badu, horren bidez hartzen da erabakia. Baina gehienetan ez da horrelakorik izaten. Horregatik, ondoren lehen mailako familiako kideei erreparatzen zaie.

Baina familia ereduak izugarri bizkor aldatzen ari dira egun. Egoera zailak sor daitezke...

Halaxe da, bai. Horregatik Espainian auzi hauek arautzeko indarrean dagoen legeak, gaixoen autonomia arautzen duen legeak, familia harremana edo izatezkoa duten pertsonei egiten die erreferentzia. 2002koa da legea, eta orduan oraindik ez zegoen sexu berekoen arteko ezkontza onartuta; gero etorri da, eta horrek nabarmen erraztu ditu hainbat egoera.

Eta adingabeak noiz dira beren osasunaren gainean erabakiak hartzeko gai?

Gaur egun, hainbat ikertzailek egindako aurkikuntzei esker, jakina da 16-17urte aldera ezartzen direla epai moralak egiteko oinarri kognitiboak. Zuzenbideak hori onartu egin du, eta apurka-apurka ahalmena onartu die adingabeei hainbat erabaki hartzeko. 12 urtetik behera, oro har, gaitasunik ez die onartzen umeei zuzenbideak, baina hortik aurrera bai: 14 urterekin ezkontzea, 15 urterekin motozikletak gidatzea, 16 urterekin lan egitekoa adin nagusitasuna izatea... Erien autonomiaren legeak hori aintzat hartu zuen, eta osasun erabakiak hartzeko gaitasuna eman zien 16 urtetik gorako gazteei 2002an. Arazoa da profesional asko ez direla enteratu, eta politikari asko ere ez... Abortua arautzeko azken legearekin sorturiko polemikak argi utzi zuen hori.

Izan ere, zuk diozu neska adingabeei legeak lehendik ere aitortua ziela abortuaren moduko erabakiak gurasoen baimenik gabe hartzeko eskubidea...

Hain justu, legeak dio arrisku larria duten erabakietan profesionalak jakinaren gainean jarriko dituela gurasoak eta aintzat hartuko duela haien iritzia. Ez du esaten haiek erabakiko dutenik: esaten du kontuan hartuko duela haien iritzia. Adibidez, niri kontsultara 16 urteko mutil bat hotzeriak jota etortzen bazait eta sukarrarentzat botika bat eskatzen badit, baantitermiko bat emango diot, eta listo. Erabaki erraza da. Zenbait medikuk etxera bidaltzen dute, eta gurasoekin itzultzeko esaten diote. Baina ez da beharrezkoa. Goazen, ordea, muturreko egoera batera; jo dezagun mutil horrek pronostiko oneko minbizi bat duela, baina ez duela tratamendurik nahi, eta, gainera, ez diela gurasoei deus esan nahi. Kasu horretan gurasoek jakiteko erabakia luketela pentsatuko nuke, eta erabakiak hartzeko prozesuan aintzakotzat hartu beharko liratekeela. Eta muturreko bi egoera horien artean, bitarteko asko daude: haurdunaldiaren etetean ere, aparteko zailtasunik gabea bada, bada akaso ez da beharrezkoa gurasoei abisu ematea. Zailtasunen bat bada, ordea, bai.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.