Gaitz larria duela eta, Txus Martin presoa askatzeko eskatu dute

Egoeraren larritasuna ikusita, giza eskubideak errespeta daitezela aldarrikatu du auzitegi aurrean Herrira-k

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gaixotasun larria izanik ere preso daukatelako, Txus Martin askatzeko eskatu zuen Herrira mugimenduak atzo,EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko elkarretaratze batean. Frantziako espetxeetan bost urtez bakartze egoeran egon ondoren, buruko gaitza sortu zitzaion Martini. Nahasmen eskizo-afektibo larria du, eta birritan saiatu da bere buruaz beste egiten. Hori dela eta, 24 orduz beste norbaitekin egon behar du. Hura espetxean edukitzeak, presoaren beraren zein haren inguru afektiboaren sufrimendua luzatzea baino ez dakarrela salatu dute bertan bildutakoek.

Martinek osasun tratamendu zehatz, egoki eta jarraitu bat behar du, eta preso duten bitartean hori ezinezkoa dela salatu dute Herrira-ko kideek. Horregatik, «okerrena gerta ez dadin» eta gaixoak behar duen tratamendua jaso dezan, berehala askatzeko eskatu dute Auzitegi Nagusiko kanpoaldean egindako elkarretaratzean.

«Sufrimenduaren eta eskubideen zapalkuntzaren garaia» alde batera uzteko momentua dela uste du Herrira mugimenduak: «Txus Martinen egoerari eta gaixotasun larriak dituzten beste 13 euskal preso politikoen askatasunari buruz ari garenean, giza eskubideei buruz hitz egiten ari gara». Horrekin batera, ohartarazi dute eskubide horiek errespetatzeko eginak daudela eta ezin direla egoeraren arabera erabili .

Espetxe politikan «berehalako eta beharrezko irtenbideak» eman daitezela ere aldarrikatu dute. Horretarako, Espainiako eta Frantziako gobernuen «itxikeria eta immobilismoa» bukatu behar dela eta konpromiso berriak hartu behar direla adierazi dute mobilizatutako kideek. Izan ere, euren esanetan, «egungo espetxe politika aldatu eta giza eskubideak errespetatzea irtenbiderako eta bakerako pauso positiboa izango litzateke».

Uztailaren 13 eta 14an,14 orduko protesta egingo dute Txus Martin preso dagoen Zaballa espetxe aurrean (Araba).Bertan parte hartuta, Martin eta gaixorik dauden beste 13 presoak aska ditzatela eskatzeko eskatu diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.