Zabaldutako pankartan, gogorarazi dute bihotzeko ebakuntza egin diotela Lopez de Abetxukori, eta salatu "espetxean hiltzeko arriskuan" dagoela Iparragirre.
"Azken hilabetean berri lazgarriak datozkigu estatuetako ziega ilunetatik, preso gaixoen egoerak okerrera besterik ezin baitu egin bertan", ohartarazi dute: "Ibon Iparragirreren kasuak alarma guztiak piztera garamatza, espetxeratze arindua ukatzeak Ibon heriotza zigorrera kondenatzea esan nahi baitu". Azaldu dute duela lau urte onartu ziotela neurri hori Iparragirreri, eta espetxeratu eta urrundu zutenetik "isolamendua eta jipoiak" jasan dituela.
Bestalde, oroitarazi dute Lopez de Abetxukori ebakuntza egin diotela, eta taupada markagailu bat ezarri. Oviedon egin zuten ebakuntza, eta bi egun ospitalean eman ostean espetxera bidali zuten berriz: "Senitartekoek ospitalean zegoenean izan zuten ebakuntzaren berri, eta ezin izan zuten Jose Ramon ikusi".
Gaixotasun larriak dituzten preso guztiak "berehala" askatzeko eskatu dute: "Arduraz eta gizatasunez jokatzeko eskatzen diegu instituzio eta politikari guztiei, eta, bukatzeko, preso gaixoen eskubideen defentsan antolatzera deitzen dugu jendartea".