Gaitza zuten 41 pertsona hil dira azken astean Hego Euskal Herrian

Beste 680 kasu atzeman dituzte. Ospitaleratzeak ugaritu egin dira: 70 izan dira azken orduetan.

Osasun langile bat PCR proba egiten, artxiboko irudian. JAVIER ETXEZARRETA/FOKU
2020ko irailaren 2a
13:06
Entzun

"Egonkortze zantzuak" ikusten ditu Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak azken egunetako datuetan. Azken orduetan, 680 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian eginiko 10.505 probetan. Bezperan baino gehiago izan dira, baina, aurreko aste amaierako datuen aldean, apaldu egin dira. Positiboen portzentajea ere jaitsi egin da: egin diren proben artean %6,4 izan dira positiboak. Intzidentziak jaisten ari direla dirudien arren, joera aldaketa bat izan dela adierazteko goizegi dela esan du Murgak.

Bizkaian, 246 kasuren berri eman dute; Gipuzkoan, 173 izan dira; Nafarroan, 134; eta Araban, 91. Erkidegotik kanpo beste 46 kasu izan dira. Nafarroan, abuztuaren 24tik 30erako intzidentzia tasa 160 pertsonakoa izan da 100.000 biztanleko; aurreko astearen aldean, handitu egin da. Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi du kezka nagusia Tuterako osasun eremuan dagoela. Izan ere, han bikoiztu egin da intzidentzia tasa: 100.000 biztanleko 393 kutsatzen dira oraintxe.

Kutsatzeen datuak apalagoak badira ere, ez da hori ospitaleratzeen kasua. Azken orduetan 70 pertsona sartu dira Hego Euskal Herriko erietxeetan gaitzaren ondorioz, udako agerraldiak hasi zirenetik izan den kopururik handiena. Murgak azaldu du ezin dela konparatu lehen olatuko datuekin, baina kopuruak handiak direla, bai ospitaleratzeenak, baita ZIU zainketa intentsiboetarako unitateetan daudenenak ere. Une hauetan, 377 lagun daude ospitalean.

Bestalde, abuztuaren 24tik 30erako asteko txostenak argitaratu dituzte Jaurlaritzako eta Nafarroako osasun sailek. Horren arabera, iragan astean, gaitza zuten 41 pertsona zendu ziren Hego Euskal Herrian, aurreko astean hil zirenak halako bi ia. Abuztuaren 17tik 23ra, gaitza zuten 25 pertsona hil ziren. Aurreko asteko heriotzetatik 28 gaitzaren ondorio zuzenekoa izan ziren. Gainera, Indurainek jakinarazi du azken orduetan pertsona bat hil dela Nafarroan.

Iragan asteko xehetasun gehiago ere eman ditu Indurainek. Ugaritu egin ziren kasuak 65 urtetik gorako pertsonetan, eta baita ospitaleratzeak ere. Guztira, 29 lagun ospitaleratu zituzten astean zehar: horietatik erdiak 62 urtetik beherakoak izan ziren.

Agerraldi bat Irunen

Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur dei egin die Irungo (Gipuzkoa) taberna batean izan zirenei proba egitera joateko. Arratsaldean hasiko dira testak egiten, Ficobako instalazioetan. Osasun sailburuak azaldu du bost kasu atzeman dituztela taberna horretako langileen eta bezeroen artean, eta horregatik erabaki dutela PCR proba masiboak egiten hastea.

Mungiako (Bizkaia) taberna batean ere kasu batzuk izan dira, eta probak egingo dizkiete han izan zirenei. gaur 250 test egingo dituzte Urdulizko ospitalean. Bestalde, Gasteizko polizia etxe batean izan zen agerraldia dela eta, 310 proba egin dituzte dagoeneko, eta horietatik bi izan dira positiboak. Beraz, bertako hamabost langile dira kutsaturik daudenak oraingoz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.