Gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dute Gasteizen

Leonera martxa egin dute Arrasatetik, eta Hego Uriben Txus Martin askatzeko eskatu dute

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Herrira-k antolatuta, hainbat mobilizazio egin dira asteburu honetan, gaixo dauden euskal presoak berehala aska ditzatela eskatzeko. Gasteizen, esaterako, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek. Gaixo larri dauden hamalau euskal presoak askatzeko eskatzen zuen pankartaren atzean bildu ziren manifestariak, eta zehazki Jose Angel Biguri, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Gotzone Lopez de Luzuriaga preso arabarrak askatzeko eskatu zuten.

Ane Zelaia eta Ana Saez de Urabain antolatzaileek aldarrikatu zuten «giza eskubideak errespetatzeko eta espetxe politika aldatzeko» garaia dela. Bake eta normalizaziora bidean «giza eskubideen urraketarik gabeko etorkizuna» eraiki behar dela nabarmendu zuten, eta gatazkaren «ondorio guztiak» gainditzeko lan egin behar dela.

Arrasatetik (Gipuzkoa) Leongo espetxeraino (Espainia) eraman zuten gaixo dauden presoak askatzeko aldarrikapena. Bilduko, Aralarreko eta EAJko hamasei zinegotzien babesarekin, sei zinegotzi eta alkatea espetxe zuzendaritzarekin biltzen saiatu ziren, Josu Uribetxeberria presoaren egoeraren berri emateko. Zuzendariak ez zituen hartu, debekatuta zeukala argudiatuta. Eta, beraz, espetxe barrura sartu, eta gutun bat utzi zuten harentzat. Uribetxeberria gaixo dago, eta, beraz, haren eskubideak errespetatu eta libre uzteko eskaria helarazi zioten espetxeko zuzendaritzari.

Udaleko ordezkariekin batera, herritarrak ere joan ziren Leonera, autobusez, Uribetxeberriari eta gainerako presoei elkartasuna adierazteko. Espetxe inguruetan manifestazio tankerako bat egin zuten, eta une batean euskal preso batzuk atera ziren leihoetara, eskertzeko. «Une hunkigarriak» bizi izan zituztela esan zuten antolatzaileek. Espetxetik bueltan manifestazioa ere egin zuten herrian.

Hego Uribeko eskualdean (Bizkaia) ere mobilizazioa egin zuten atzo. Bizikleta martxa egin zuten, gaixo larri dagoen Txus Martin askatzeko eskatuz. Ugaon hasi eta Galdakaon amaitu zuten martxa, eta ekitaldia eta herri manifestazioa egin zituzten han.

Gaur ere izango dira mobilizazioak. Arbizun (Nafarroa) Jesus Mari Mendinueta Poxtiña gaixo dagoen herriko presoa askatzeko eskatuz aterako dira kalera, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.