Gaixo dauden presoak berehala askatzeko eskatu dute Arrasaten

Josu Uribetxeberria presoak gutun baten bidez eskertu du bera askatzearen aldeko mobilizazioa

Jendetza bildu da Arrasaten, Josu Uribetxeberria eta gaixotasun larriak dituzten gainerako presoak aska ditzatela eskatzeko. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Arrasate
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Gaixotasun larriren bat duten preso guztiak eta, bereziki, Josu Uribetxeberria presoa aske uzteko eskatu dute milaka lagunek Arrasateko kaleetan. Bildutakoei eta bera askatzeko eskatu duten herritarrei, esker ona adierazteko, gutun bat idatzi die Josu Uribetxeberria presoak Donostiako Ospitaletik —minbiziarekin dago bertan—. Bere osasun egoeragatik mobilizatzen ari direnei eskerrak eman dizkie Uribetxeberriak, eta esan du presoek nabari dituztela euren eskubideen alde egiten diren ekitaldiak. Halaber, Aieteko Adierazpena txalotu du, eta azaldu du ezker abertzaleak aurrerapausoak eman dituela. Espainiari ere «konponbidera begira» urratsak egiteko eskatu dio.

Herrira elkarteak antolatutako manifestazioa jendetsua izan da. Arratsaldeko seietan abiatu da, eta Arrasateko kale nagusiak zeharkatu ditu, presoen aldeko oihuak tartean. Manifestazioan izan dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduren Jaurlaritzako lehendakarigaia, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Rebeka Ubera Aralarreko Gipuzkoako batzarkidea.

Salaketa eta elkartasuna

Uribetxeberria eta gaixo dauden gainerako presoak aska ditzatela eskatzearekin batera, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du Herrira elkarteak, manifestazioaren hasieran eta amaieran, Ines Osinaga musikariak eta Mariasun Pagoaga aktoreak azaldutako mezu baten bidez. Uribetxeberriaren kasuan, 2005ean minbizia topatu eta giltzurrun bat kendu ondoren behin-behineko askatasuna ukatu ziotenean «hiltzera» zigortu zutela salatu dute Herrira-ko ordezkariek. «Mendekua gauzatu da, eta Josu badago heriotzaren itxarongelan». Herrira-ren ustez, «Espainiako Gobernua krudeltasun puntu gorenera eramaten ari da espetxe politika». 600 preso sakabanatuta daudela, 67 nolabaiteko behin betiko kartzela betetzen ari direla eta hamalau presok gaixotasun larriak dituztela gogoratu zuten. «Argi eta garbi diogu: gaixotasun larriak dituzten presoei askatasuna ukatuz heriotza zigorrak sinatzen ari dira». Errealitate horren kontra agertzeko deia egin zuten: «Ez dugulako heriotza eta mendeku gehiago nahi». Herrira-ren ustez, Espainiako Gobernua krudelkeriaren errekorra hausteko prest dagoenez, beharrezkoa da presoen eskubideen aldeko indar bilketan eta konpromisoan markak haustea. «Jokoan dago hamalau preso horien bizia, eta herri honen bake nahia ere bai. Herri honek ez du hileta gehiagotara joan nahi gatazka politikoaren ondorioz».

Horregatik, datozen egunotarako antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Herrira-k.

Deia erakundeei

Manifestazioa abiatu aurretik, Laura Mintegi Euskal Herria Bildu koalizioaren lehendakarigaiak hitza hartu du, Espainiako Estatuaren jarrera salatzeko. «Ez dago ulertzerik nola Espainiako Gobernuak ez dituen neurriak hartzen egoera honi amaiera emateko». Giza eskubideen ikuspuntutik eta legearen arlotik ere, Mintegiren aburuz, oso larria da horrelako egoera batera heltzea. «Salatu nahi dut estatuak duen jarrera immobilista eta legearen kontrakoa», nabarmendu du. Eusko Jaurlaritza eta Legebiltzarra ere gogoan izan ditu. «Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak erantzun bat eman behar dute. Gaur, Josu Uribetxeberria da, eta bihar beste edozein izan daiteke. Unea heldu da egoera honi amaiera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.