Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak babesa eskatu dio Diputatuen Kongresuari espetxe politika aldatzeko eta presoak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara hurbiltzen hasteko. Gobernuaren asmoa da aurrena gaixo daudenak eta 70tik gora dituztenak hurbiltzea. Hala esan die Kongresuko kazetariei, elkarrizketa informal batean, berri agentziek zabaldu dutenez.
Aurki egitekoa den Europako Kontseiluaren berri emateko, agerraldia egin du Sanchezek Kongresuan, eta han ere hizpide izan du gaia. Baina Berlinen atzo esandakoak berretsi baino ez du egin. “Terrorismoaren biktimekin enpatiko izanda gerturatuko ditugu presoak”, adierazi du. “Demokraziak ETA garaitu zuen, eta, ondorioz, gobernu gisa espetxe politika berrikustea planteatu behar dugu, eta errealitate berrira egokitu”.
Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteen informazioen arabera, gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten hamar euskal preso daude Espainiako Estatuko kartzeletan Euskal Herritik kanpo —gehiago dira, baina anonimotasuna gordetzea erabaki dute—. Denera, Espainiako Estatuak zigortutako 63 euskal preso daude gaixo. 70 urte edo gehiago dituzten presoak, berriz, hiru dira. Zifrei buruz eta balizko egutegi bati buruz mintzatzea saihestu dute Pedro Sanchez gobernuburuak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak.
PP, haserre; biktimak, ados
Rafael Hernando PPko bozeramaileak Sanchezi leporatu dio gobernura iristeko EAJrengandik jasotako babesaren truke ari dela “negoziatzen” presoen hurbilketa, eta "errespetu handiagoa" eskatu du "terrorismoaren biktimentzat".
Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko (FVT) presidente eta PPko diputatuak, berriz, salatu du biktimek “ordainduko” dutela Sanchez boterera iritsi izanaren “prezioa”. “Bidegabetzat eta iraingarritzat” jo du hori, eta PSOEko agintariari eskatu dio "legea betetzea".
Grande-Marlaska Barne ministroak berretsi du hala izango dela; hurbiltzeak “banan-banan” aztertuko dituztela eta biktimen elkarteak une oro informatuak izango direla. "Ez da lekualdatze kolektiborik egongo", berretsi du.
PPri eskatu dio biktimak politika egiteko erabiltzeari uzteko. Eta azpimarratu du presoak hurbiltzea ez dela gradu aldaketa bat edo espetxe onura bat; kasu horietan lege baldintza batzuk bete beharko lituzkete presoek.
Azaldu duenez, espetxeetako tratamendu batzordeek preso bakoitzari buruz egingo dituzten txostenak hartuko dituzte oinarri gisa gerturatze bakoitzaren "beharra, arrazionaltasuna eta proportzionaltasuna" erabakitzeko. Kasu horretan, bere ustez, "arrazoizkoa" litzateke zenbait baldintza "objektibo" aintzat hartzea tratamendu batzordeek. Hiru aipatu ditu: presoaren osasun egoera, betetako espetxe zigor denbora eta "ETAren arbuioa".
PPko diputatu Javier Marotok adierazi du "bizikidetza" ez dela presoak hurbiltzea edo independentistak "kontentatzea". Eta gaineratu du ETAren indarkeriaren biktimak "kalera irteteten" badira PPk babestuko dituela.
Biktimen elkarteetako kideek, baina, esan dute haiek "lasai" daudela aurreko astean Grande-Marlaskaren izandako bileran Barne ministroak esandakoekin. Coviteko Consuelo Ordoñezek esan du haiek ez daudela presoak gerturatzearen kontra. Baina "baldintza" bat jarri du. "ETAren arbuioarekin konformatzen gara gu". AVTko Maite Araluzek aitortu du legeak ez diela presoei baldintzarik ezartzen haien etxeetatik gertu dauden kartzeletan egoteko, eta gobernuak gerturatuz gero, adierazi du haiek ez dutela aurka egingo, Grande-Marlaskak hitz emandakoa betetzen bada.
Sare: "Hitzetatik ekintzetara"
Sarek, berriz, “modu positiboan” baloratu du Espainiako Gobernuaren “jarrera aldaketa”. “Hitzez adierazitakoa ahalik eta azkarren ekinbide bilakatzea espero dugu, jendarte honek bakean eta bizikidetzan aurrera egin dezan”, adierazi du ohar batean. Espetxe politikaren alorrean lau “lehentasun” zehaztu ditu, “lehen bait lehen konpondu beharrekoak”: presoen urruntzea amaitzea, larriki gaixo dauden presoak, estatu ezberdinetan ezarritako zigorren batuketaren aplikazioa, eta gradu aldaketak.