PRESO GAIXOAK

Gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute Bilboko Aste Nagusian

Hiru mila lagun inguru elkartu dira Bizkaiko hiriburuan, eri dauden presoen eskubideen alde.

Manifestazio burua, udaletxera bidean. ARGAZKI PRESS
2015eko abuztuaren 28a
11:34
Entzun

Espetxean gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatu dituzte Bilbon, Bizkaiko presoen senide eta lagunek deituriko manifestazio batean. Jendetza batu da, eta bertan izan dira eragile askoren ordezkariak. Izan ere, askok adierazi dute atxikimendua; besteak beste, EH Bilduk, LAB eta Steilas sindikatuek, Ernai gazte antolakundeak, Sarek eta Bilboko Konpartsek. Besteak beste, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohi eta preso ohia izan dira.

Udaletxe atarian amaitu da manifestazioa. Bertan Itziar Pascual eta Jon Iparragirre Kirru-k irakurri duten agirian, gaixo dauden presoak etxeratzeko eta giza eskubideak arrespetatzeko eskatu dute, eta adierazi horretarako lanean jarraituko dutela. “Arduratuta" azaldu dira Frantziak eta Espainiak preso erien kontrako "politika krudel eta ankerra" ezartzen dutela iritzita.

"Osasun eskubidea guztiz urratzen" zaiela nabarmendu dute: "Tratu duinerako eskubidea urratzen du, polizien jarrera oldarkorra izaten delako eta ospitalean pasibotasuna nagusi izaten delako”.

Gainera, bizirik etxeratu ez ziren presoak gogorarazi dituzte, besteak beste, tuberkulosiak jota 1986an inongo diagnostikorik gabe hil zen Joseba Asensio Kirruli bilbotarra eta iaz zigorra laster amaitzear zuela hil zen Arkaitz Bellon preso elorriotarra. Txalo artean amaitu da protesta.

Astelehenean egin zuten agerraldia Bilboko Konpartsek. Espainiako eta Frantziako estatuak "preso dauden lagunen bizitzarekin jolasten" ari direla salatu, eta Txus Martin, Joxemi Etxeandia, Ibon Iparragirre, Gorka Fraile eta Txente Askasibar presoen egoeraz ohartarazi zuten.

Manifestazioa debekatzeko eskatu dio ETAren indarkeriaren biktimen aldeko APAVT plataformak Espainiako Auzitegi Nazionalari, eta eskari hori baztertu egin du Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hala ere, segurtasun indarrei eskatu die zelata dezatela manifestazioa, "terrorismoa goratzeko" delituren bat egiten den zaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.