Gaixo dauden presoen egoera «itzulezin» bihurtzen ari da

Jaiki Hadi mediku eta psikologoen elkarteak Europako giza eskubideen aldeko erakundeetara joko du

Jaiki Hadi mediku eta psikologoen elkarteko kideak, atzo egin zuten agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kezka larritasun bihurtu zaie euskal presoei osasun laguntza ematen dieten Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoei. Ezinegona, haserre. Ohartarazi dute egoerak nabarmen egin duela okerrera duela urtebetetik hona, gaixo dauden presoen egoera txarrak alarma guztiak piztu zizkiela-eta jendaurrean agertu zirenetik hona. Neurririk hartu ezean etorriko zela sumatzen zutena egia bihurtu dela. Egoerarik larrienak arintzen saiatu dira. Horien berri eman, eta gomendio zehatzak egin dituzte presoen gaineko erantzukizunak dituzten instantzietan. «Ez du ezertarako balio izan», salatu du Fernando Arburuak elkartearen izenean. Inork ez die kasurik egin. Ondorioz, oso larriak ziren egoerak «itzulezin» bihurtzen aridirela ohartarazi dute.

Txus Martinen egoerak dauzka bereziki larrituta. Medikuen elkartea salatzen ari denaren erakusle argiena Basauriko presoaren egoera dela diote. «Pertsona horrek ezin du jarraitu egoera horretan», adierazi du Arburuak. «Ez dugu ulertzen», dio Miren Arana medikuak ere: «Non dagoen ere ez dakien pertsona bat, bere buruaz beste egiten birritan saiatu den pertsona bat, nola eduki daiteke horrela? Hilik aurkitu nahi dute edozein egunetan?».

Gero eta gehiago eta okerrago

Martinen egoera da muturrekoena, baina ez bakarra. Gaixo dauden presoen egoera orokorrean okertzen ari dela salatu dute: oso larri dauden presoen zerrenda hazi egin dela eta gaixo daudenen osasunak txarrera egin duela. Iaz larri egonik kalean egon behar zuten presoen kopurua hamarrekoa zela ohartarazi zuten. Urtebeteren ondoren, hazi egin da zerrenda. Hamalau dira oso gaixo dauden presoak; medikuen esanetan, espetxetik ateratzea beharrezko dutenak.

Gaixotasun psikologikoak jota dauden presoen kopurua azkar igotzen ari dela ere ikusi dute sendagile eta psikologoek, eta bereziki kezkatzen ditu horrek. Orain, 42 presok behar dute laguntza psikologikoa; iaz baino %8 gehiagok. 114k gaixotasun fisikoren bat dute.

Egoera horien arrazoia zein den argi dute: mediku eta psikologoek urte osoan egin dituzten txosten eta gomendioak ez direla aintzat hartu eta «mendeku politika» erabiltzen ari dela. Izan ere, Espainiako legedia bera beteko balitz gaixo larriak etxean egongo liratekeela eta sendagileek ez luketela gaixoak tratatzeko oztoporik izango diote.

Horiek horrela, oraingo ezintasuna gainditzeko ahaleginetan Europako hainbat instantziatara joko dutela jakinarazi dute. Estrasburgoko Giza Eskubideen Gorteetara joango dira medikuak. Aurrez, giza eskubideen alde eta osasun alorrean jarduten duten elkarteen babes bila arituko dira, Estrasburgora indar handiagoz joan nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.