EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ekinaldiak areagotzera dei egin dio euskal gizarteari: «Josu Uribetxebarria eta beste hamahiru preso gaixoak askatzeaz gain, gu guztiok Euskal Herriratzeko»; eta arduradun politikoei ere mintzatu zaizkie, «hiltzen utzi nahi duten prozesu politikoa indar berriz sustatzeko». Nazioartea ere aintzat hartu du, eta adierazi du Espainiako eta Frantziako gobernuak nazioarteko arau eta ebazpenak betearaztera behartu beharko lituzkeela, Parot doktrinari buruz Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako ebazpenetik hasita.
BERRIAra igorritako agiri baten bidez, euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari mintzatu zaio EPPK.
Josu Uribetxebarriaren kasuan zentratuta dago agiria, zeinak hilabete baino gehiago daraman Donostiako Ospitalean, eta hark hasitako borrokari kolektibo osoak gehitutako «elkartasunezko borrokaldia» amaitutzat jo dutela iragarri du EPPK-k. Borroka horrek Uribetxebarria kaleratu beharra eta presoen auzia konpondu beharra «lehen lerroan» kokatu dituela iritzi dio kolektiboak, eta gobernuen erantzukizuna ere «agerian» utzi duela.
Gobernuaren «porrota»
EPPK-k Espainiako Gobernuari leporatu dio Uribetxebarria kaleratzea atzeratu izanaren erantzukizuna, eta gaineratu du kaleratze hori atzeratuta Espainiako Gobernuak «jadanik jasan duen porrota mozorrotu» nahi duela. Estatuei, berriz, hauxe leporatu die EPPK-k: elkarrizketaren bideari heldu beharrean asmo bakarra izatea, hau da, «prozesua nola lokaztu» asmatzea, dela zatiketa eragin nahian, dela sakabanatzearen bidez.
«Arduraz jokatzera» dei egin du kolektiboak. «Gure egin genuen Aieteko hitzarmenaz geroztik indartu den prozesuak du garrantzia; horretan jarri behar dira indarrak», azpimarratu du.
Bost puntutan laburbildutako eskaera batzuk ere plazaratu ditu EPPK-k. Euskal presoekin Espainiak eta Frantziak darabilten espetxe politika indargabetzea da lehena. Bigarrena, presoen senideen artean «horrenbeste heriotza eta sufrimendu eragiten duen sakabanaketa kriminala» amaitzea. Espainiako eta Frantziako gobernuek Aieteko konpromisoak betetzea da hirugarrena, eta nazioarteak bi gobernuen jokabideak gaitzestea laugarrena.
Bosgarren puntuan, berriz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «urrats gehiago» egiten jarraituko duela hitzematen du.
Euskal presoak. EPPKren agiria
Gaixo direnak askatzeko ekinaldiak areagotzeko eskatu du EPPK-k
Azpimarratu du «Aieteko itunaz geroztik indartu den prozesuak» duela garrantzia eta horretan jarri behar direla indarrakPresoen kolektiboak amaitutzat jo du abuztuan hasitako «elkartasun borrokaldia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu