Gaixo kronikoen arteko harremana eta esperientzia trukea sustatzeko asmoz, Internet bidezko sare sozial bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: www.kronet.net, edo Kronikoen Sarea. Eriek ez ezik, zaintzaileek, senide eta lagunek, boluntarioek edo gaixotasunoi buruzko zalantzarik dutenek erabil dezakete; urtebetez 250 erabiltzailerekin probatu ostean abiatu dute.
Gaixo kronikoen bizimoduaren %5 baino ez da osasun sektorean gertatzen, Olga Rivera Kalitate, Ikerketa eta Berrikuntza sailburuordeak atzo jakinarazi zuenez. Hala, Kronikoen Sarea osasun arretaren «osagarria» da, baina «emozioen kudeaketara» dago bideratuago.
Sarean ez da gaixotasun zerrendarik ageri, aldartearen araberako sailkapena baizik. «Patologia ez da hain inportantea; nola sentitzen garen da garrantzitsua», azaldu du Ines Orella erabiltzaileak. Sare sozialaren egiteko nagusia «laguntzea» da, «pertsona batzuek ez dakitelako zer egin, edo ez dutelako elkarteetara joan nahi, ikusiko dutenaren beldur». Antzeko ikuspegia dutenen bizipenak eskaintzen dizkie tresnak, eta, era berean, eritasunarekin bizitzeko gakoak ematen dizkie: «Gure osasuna kudeatzen irakasten digu».
Gaixo kronikoen sare sozial bat abiatu du Eusko Jaurlaritzak Interneten
Eriak laguntzea da Kronikoen Sarearen helburu nagusia, haien artean esperientziak truka ditzaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu