Espetxeetan dauden hainbat euskal preso politikoren egoera «benetan kezkagarria» dela ziurtatu dute osasun alorreanlan egiten duten zenbait profesionalen ordezkariek. Osasunaren eremuan lan egiten dutenez, gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen egoeraz jakitun direla azaldu, eta haien egoeraz ohartarazi dute: «Ondorioak benetan arriskutsuak izan daitezke». Horiek askatzeko premia dagoela azaldu dute, eta hala izan dadin ahaleginetan jarraituko dutela ziurtatu. Bide horretan, bihar eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako ospitaleen aurrean Herrira mugimenduak antolatuta egingo diren elkarretaratzeak babesteko eta horietan parte hartzeko eskatu diete osasun alorrean lanean dabiltzanei.
Herrira-k osasun alorreko langileekin elkarlanean antolatu ditu otsaileko azken ostiraleko eguerdian egingo diren elkarretaratzeak. 12:00etan egingo dituzte protestak Bilboko Basurtuko ospitalean, Donostiako ospitalean, Iruñeko Virgen Del Camino erietxean eta Gasteizko Santiagon.
Nagore Garcia Herrira mugimenduko kideak azaldu duenez, «euskal preso politikoen aurkako muturreko egoerak gainditzea» da, orain, Herrira-ren lehentasuna. Horrek «pertsona orori dagozkion giza eskubideak errespetatzea» besterik ez duela esan nahi zehaztu du.
Eremuz eremu egiten ari da lanketa hori Herrira, eta horren emaitza dira bihar ospitaleen kanpoaldeetan egingo diren protestak. Aurrerantzean ere antzeko ekintzak egiteko asmoa dutela jakinarazi du Garciak, «betiere elkarlana oinarritzat hartuta».
Bizi guztiko zigorrak
Mati Iturralde sendagileak osasun alorreko langileen izenean azaldu duenez, hainbat presoren osasuna okerrera egiten ari da, modu kezkagarrian gainera. Okerrera egiten ari diren preso horietako asko espetxe zigorra luzatu dieten presoak dira. «Osasuna okertzeak lotura zuzena du espetxe zigorrak luzatzearekin», ondorioztatu du Iturraldek. «Hainbeste urte espetxean igarotzeak atzera bueltarik gabeko eraginak ditu osasunean». Hori dela eta, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatzearekin batera, «bizi guztiko espetxe zigorrak osasunean dituen ondorioez ohartaraztea» beharrezkoa dela adierazi du.
Garciak azaldu duenez, euskal preso asko dago gaixo, baina horietako hamar bat larri daude; askatu beharrean. Horien artean, hiruren egoerak benetan kezkatuta dauka Herrira. Buruko gaitza du Txus Martinek, eta bihotzekoa izan berri dute Iñaki Errok eta Jose Mari Perezek, eta hirurak berehala kaleratzea premiazkoa dela ohartarazi du. Izan ere, hala ez egiteak atzera bueltarik ez duten gertaerak eragin ditzake. «Ondorio arriskutsuak», sendagileen esanetan.
Egungo egoera politikoari buruz ere mintzatu dira osasun alorreko langileak: «Euskal Herrian aukera berriak ireki dira benetako bake egoera bat taxutzeko eta egonkortzeko». Eta, bide horretan, presoen gaiari «lehenbailehen» heldu behar zaiola adierazi dute. «Finean, euskal preso politikoen giza eskubideak bermatzea aldarrikatzen dugu», azaldu du Iturraldek lankideen izenean.
Gaixo presoak askatzeko premiaz ohartarazi dute osasun alorreko langileek
Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko ospitaleen aurrean elkarretaratzeak egingo dituzte bihar eguerdian Herrira-rekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu