Gogorra da senide batentzat gaixo dagoen presoaren gorabeherak bizitzea. Gogorra da presoa ondo zaindu gabe dagoela ikustea, eta gogorra da ezer egin ezin izatea. Adibide garbia da Jose Campos Bautista Barandalla presoaren bikotekidea. Errudun sentitzera ere iritsi da: «Agian beste era batetara jokatuta, edo gertatzen dena beste modu batetara azalduta...». Barandallari 2.000. urteanproktitis ultzeradun aktiboa diagnostikatu ziotenetik min asko pasatu dute biek. «Min desberdin bat», dio Camposek. Eta horri, ezina gehitu behar zaio «batzuetan amorruarekin nahastuta».
Gaixo dauden presoak ondo ez zaintzeaz gain, gaixotasun hori okerragotzera ere bultzatzen ditu espetxeak Camposen ustez. «Gaixotasuna baliatzen dute presoa muturreraino eramateko, bai fisikoki eta bai psikologikoki ere». Barandallari ez zioten gaixotasuna diagnostikatu «hiltzen ari zen arte», eta aurreko hiru hilabetean almorranen kontrako pastillak harrarazi zizkioten. «Bazekiten gaixotasuna zuela hasieratan. Orduan esan izan baliote, gauzak beste era batetara izango ziren. Baina ezkutatu egin zioten».
Gaur egun apenas egin dezakeen lorik etzanda. Eserita egiten du lo ziegaren ertz batean, paretaren kontra. Etzanda mina hartzen du, eta ezin du minaren kontrako botikarik hartu, hesterik ez duenez, odol jarioan hasten delako. Hiru bat egun oso gaizki pasatzen dituenean indizioa ematen diote, lasaitzeko, baina eragina pasatutakoan berriz hasten dira minak. «Egunero dauka mina, eta aguantatu besterik ez zaio geratzen».
Eta hori guztia berak bakarrik pasatu behar du. Zaragozako Zuera espetxean zegoen gaixotasuna diagnostikatu ziotenean. Iruñera ekarri zuten. Baina, ordutik ez du euskal presorik izan alboan, eta Camposen arabera ez du izango. «Hori izan da Iruñera ekartzearen truke ordaindu behar izan duen prezioa». Barandallarentzat garrantzitsua da alboan jendea izatea. «Lehertuta» dago.
Zuerarekin alderatuta ondo dago Iruñean. Zuerakoa «infernua» izan zela dio Camposek, eta hemen hobeto zaintzen dutela. «Orain erietxera eramaten dutenean bai bera eta bai gu pertsonak bezala tratatzen gaituzte, eta lehen ez zen horrelakorik gertatzen». Ez du batere oroitzapen onik Zuerakoarekin. «Tokia ere ikustekoa zen». Han egin zioten ebakuntzan heste osoa kendu ziotela esan zioten, baina gaiztotutako 14 zentimetro utzi zizkioten barruan. «Ez dakit mediku haren gustukoak ez ginen, edo berdin zitzaion... ez dakit!».
92 artikulurik ez
Bi aldiz ukatu diote 92. artikulua Barandallari. Zigor Kodeko 92. artikuluak dio gaixotasun larria duten presoak aske utzi behar direla. Barandalla gaixo dagoela, eta larri dagoela ez dago dudarik. Hala diote espetxeko txostenek ere. Baina hori guztia onartu arren, hura aske ez uzteko beste arrazoi bat jartzen du Espetxe Zaintzak: «Bautista Barandallak parte den taldearen arabera jokatzen du». Barandallak preso jarraitzen badu, hala nahi duelako dela ere entzun behar izan du Camposek.
Bost hilabete barru betetzen du zigorra. Ekainaren 13rako jarri zioten irteera data, duela bost urte. Hala ere, Campos ez dago lasai. Beldur da Parot doktrina delakoa aplikatuko dioten. Hala gertatzen bada, beste hamar urte egon beharko du preso.
Gaixoaren mina eta albokoen ezina
Gaixotasun larri eta sendaezina duten presoak aske utzi behar direla dio Zigor Kodeko 92. artikuluak. Hala ere, hamar euskal preso kartzelan daude, gaixo egon arren. Horietako bat da Bautista Barandalla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu