Haren bulegoko orkidea zuri ederra gaixo batek ekarri zion, "tokia alaitzeko". Onkologikoko eraikin modernoa du orain lantoki Arrate Plazaola onkologia medikoko zerbitzuburuak.
Batek kontatu zidan kalean edo beste nonbait bere onkologoa ikusten bazuen goragalea etortzen zitzaiola.
Sarritan gertatzen da... Lehen, orain baino gehiago. Arrazoi garbi bat dauka horrek: onkologoak agintzen dio gaixoari tratamendua, eta tratamendu horrek askotan ondorio izaten ditu botalarriak eta gorakoak. Eta, erreflexu baten bidez, denak lotu egiten ditu gaixoak, eta onkologoa ikusteak edo ospitaleko atea igarotzeak gorakoa sortzen dio. Bada botika bat ere, egoera askotan erabiltzen duguna, adibidez, bularreko minbizia tratatzeko, kolore gorria duena, biterraren oso antzekoa. Bati baino gehiago gertatu zaio biter bat ikustea eta berehala kimioaren ondoeza sentitzea.
Irakurri edo entzuna dizut nonbait urte hauetan guztietan gauzak asko aldatu direla minbiziaren inguruan, baita gaixoek hemen kontsultan egiten dituzten galderak ere.
Jendeak lehen baino askoz ere gehiago jakin nahi du; gizartean, denera iritsi da informazio beharra, eta hona ere bai. Ez soilik niri galdetzen... Seguru nago Interneten ere asko begiratzen dutela, eta, askotan, kontsultak Interneten begiratu dituztenek ea benetan ondo ulertu dituzten ala ez argitzeko erabiltzen bukatzen dugu. Gero, mundua katedradunez beteta dago... Gure egitekoa ahalik eta informaziorik onena ematea da: egiaztatu egiaztatu behar dena eta ezeztatu ezeztatu beharrekoa.
Zu honetan hasi zinenean, bularreko minbiziarekin, adibidez, gaixoen erdiak baino gehiago hiltzen zen. Nola ziren garai haiek?
Gauza asko gertatzen ziren orduan. Ez genekien zer zen diagnostiko goiztiarra. Gero, gogoratzen naiz gaitzaren aurkako lau botika genituela. Horien konbinazioekin egiten genituen errezeta guztiak. Bi kontu horiekin, hots, oso berandu hartzen genuela gaitza eta askoz ere baliabide gutxiago genituela, azkenean emaitzak nahiko pobreak ziren.
Zuretzat ere gogorra izango zen, eta izango da, ezta?
Bai... Askotan, besterik eskaintzeko ez duzunean, zeure burua eskaintzen duzu, lagundu nahian beti. Gertatzen zen gaixo eta sendagile arteko harremana oso hurbileko zela, gogorragoa, zeren baten bat galtzen zenuenean zerbait galtzen zenuen. Nik uste dut horretan galdu dugula; beste distantzia bat dago...
Ordenagailu pantailarengatik?
Ziur nago zerikusia daukala; ez da normala garrantzi handiagoa ematea pantailako datuei, gaixoaren aurpegiari baino. Bestalde, orain gehiago sendatzen dira, hobeto artatzen da, beste neurri hobeak dauzkagu, kasu askotan egiten dugu diagnostiko goiztiarra... Horiek guztiak kontuan hartuta, emaitzak hobeak dira.
Hala ere, nola babesten duzu zeure burua hemen?
Ez da erraza hori hitzetan jartzea... Askotan, aurrea hartzen diozu kasuari. Dolua eginda daramagu, eta orduan... errazagoa da... prestatu egiten zara. Gero, heriotzari buruz hitz egiteko beldurrik ez da izan behar, baina, askotan, jendeak horri beldurra dio. Uste dut norbere heriotza prestatu ez duenak zaila duela heriotzari buruz hitz egitea. Askok ez dute nahi... Eta askotan gertatzen zaigu familiartekoak etortzea, eta eskatzea mesedez ez esateko gaixoari, hondoratu egingo dela... Senide horiek ez dute ondo onartu gertatzen dena; mesede bat egiten ari direla pentsatzen dute, eta ez da hala. Dena den, uste dut orain zabalago hitz egiten dela.
Heriotzarekin harreman arraroa dugu gaur egun.
Ez da gauza polita. Zer gertatzen da? Lehen, baserrietan aitona edo amona hiltzen ari zirela, haurrek dena ikusten zuten, azkeneko arnasak. Gaur egun, gaixotasuna, heriotza ez dituztela ikusi behar pentsatzen da, hortik babestu behar direla. Nik uste dut oker dagoela hori. Prestatu egin behar dugu horretarako, edonori gerta dakioke-eta gaixotasuna edo heriotza. Baina ez gaituzte horretarako prestatzen.
Sufrimendua nola kudeatzen da? Zeren, heriotzaz gain, sufrimendua ere badago bidean.
Industriari esker, badauzkagu oinaze fisikoa kentzeko baliabideak. Ez da derrigorrezkoa mina izatea; hori konpon dezakegu botikekin, erradioterapiarekin... Beste gauza bat da min psikologikoa. Hori lantzea batzuetan kosta egiten da. Baina nik uste min fisikoa kontrolatuta badago gauzak askoz errazago egiten direla.
Beldurrik handiena horri zaiolako, ezta?
Bai, bai. Nik neuk ez diot heriotzari beldurrik, baina bai heriotza hori nola izango den.
Bularreko minbizian andeatze fisikoa ere badago, bularra kentzea, edo kimioterapiagatik ilea galtzea... Hori ere azaldu egin behar duzue, kudeatu egin behar duzue.
Nik uste errazago ametitzen dela ilea galtzea, gaizki pasatzea epe labur batean, kimioterapiarekin lau, bost, sei hilabete gaizki pasatzea. Bularra galtzea desberdina da. Gaur egun, badago bular hori berregitea kirurgia plastikoaren bidez. Baina kontua da bularra dela... Gaur egungo gizartera goaz berriz ere, irudiaren garrantzira... Hau da, kirurgiaren bidez badago bularra berregitea, baina inoiz ez da berdin gelditzen. Eta hori onartzea, barneratzea batzuetan kosta egiten da. Minbizia bularrean izan beharrean ikusten ez den toki batean izango bagenu, zer dakit, umetokian... Baina goizean goizetik hasita protesia hor duzunean... Baina hori ere gainditzen da, nik badakit, ikusten dut kontsultan. Askok ez diote protesiari, zauriari gertatu zaionari garrantzirik ematen. Beste batzuek, berriz, oso gaizki daramate.
Jendeari bizitza aldatzen dio minbiziak.
Zeharo. Hemen, denetik ikusi izan dugu. Nik entzun dut "niretzat hau bukaera da, ezin dut gainditu", eta entzun dut "pasatu zaidan onena izan da; nire bizipoza eta nire helburuak aldatu egin dira. Eskerrak hau gertatu zaidan". Ez da hainbesterako izango, eta, agian, euforia pean da.
Zer sentitzen da norbaiti bizia salbatu diozula jakitean?
Poza. Ikusten duzunean oso gaizki etorri eta tratamenduarekin lau hilabetean sendatu dela, asmatu duzula... Poza.
Zalantzan jarri izan da mamografien balioa.
Bai, hainbat arrazoirengatik. Orain, azkeneko arrazoia da hain bizkor hain tumore txikiak diagnostikatuta agian horren maltzurrak ez diren gaitzak topatzen ditugula, eta agian hobeto litzatekeela ez diagnostikatzea, benetan gaitza agertu arte itxarotea hobe dela, bestela gehiegi tratatuko ditugulako. Ez dakit... Nik uste dut zenbat eta azkarrago harrapatu, hobe, zalantzarik gabe.
Genetikak ere zerikusia du bularreko minbizi batzuetan.
Bai. Lehen, pertsona batean gene horiek aztertzeak sei hilabeteko lan gogorra eskatzen zuen, eta, gaur egun, askoz denbora gutxiago behar dugu, eta ziur nago etorkizunean ordu laurdenean egiteko moduko proba bat izango dela. Baina horrek ere beste problema asko dakartza. Proba horrek dioena da zure minbizia mutazio batengatik dela, eta mutazio hori eramateak esan nahi du bizian osoan arrisku handia daukazula 50 urte bete aurretik bularreko edo obarioetako minbizia izateko. Orduan, zure familiartean nahi dutenen artean proba egin daiteke, eta atzeman ea beste bi senidek mutazio hori duten. Zer egiten duzu orduan?
Mutazio hori zutela jakinda gazterik bularrak kendu zituzten emakumeen kasuei buruz irakurrita nago.
Bai, bueno. Lehen, informazioaz ari ginen; zure galdera hartu beharreko neurriez da. Hasieran, mutazio hori zutenentzako lehen neurria bi bularrak kentzea zen, baita bi obarioak ere. Nik ezagutzen ditu familiak hemen 28 eta 29 urteko alabei bi bularrak kendu zizkietenak eta harrezkero ez direnak ondo gelditu. Gaur egun, neurriak ez dira hain erradikalak. Zenbat eta gehiago jakin, gauzak bere tokira eramaten dira. Orain, jarraipen berezi bat egiten da. Mamografiak ez du horietan ondo balio, eta ekografia eta erresonantzia bidez egiten da. Eta 45- 46 urterekin, behin familia izan duzunean, helduagoa zarenean... Ba orduan, mutazioa duzula jakinda, ba igual orduan prest zaude. Eta esaten duzu, orain bai, kendu nahi ditut bi bularrak, eta jar diezazkidatela dauden politenak. Diferentea da.
Dena den, badaude oraindik mito batzuk minbiziaren inguruan. Gehiago dagoela orain. Baina gauza da zahar gehiago dagoela orain, ezta?
Bai, hori da. Eta badago beste arrazoi bat ere: gehiago diagnostikatzen direla. Lehen, hainbat kasutan ez genekien horregatik hiltzen zirela. Ez zekiten zer zen. Orain, diagnostikora errazago heltzen gara. Eta, gainera, asko bizi nahi dugu. Orain, gerta daiteke minbizi bat izan eta zortzi urtera beste bat izatea, ez dena aurrekoaren metastasia, beste minbizi bat baizik. Azkenean, gakoa mekanismo horretan badago, pertsonarengan dago gakoa.
Medikuntza pertsonalizatutik etorriko da minbiziaren sendabidea?
Seguru. Medikuntza pertsonalizatuak esan nahi du gaixoaren metabolismoaren alterazio guztiak edo gehienak ezagutzea eta ikustea zein diren, adibidez, genetikatik, gaizki dabiltzan mekanismo horiek, zelula gaiztoak salbatzen dituzten mekanismoak. Egiten dena da horien aurkako botikak eta sendabideak topatu. Horrek zer egiten du? Gaitza taldekatzea. Horrela, lehen, bularreko minbizi bat genuen. Orain, badakigu lau edo bost diferente daudela eta ez dutela zerikusirik tumorearen tamainarekin edo... Orain, beste abizen batzuk ezagutzen ditugu, proteina batzuen portaeraren arabera, errezeptore batzuen arabera... Izaera nolakoa den ikusten dugu, eta bakoitzarentzat tratamendu diferenteak ditugu. Eta gero eta gehiago egiten dugun ikerketa translazionala ere. Laborategian prestatzen dira gaixo bakoitzari egokitutako botikak, zeren zurea eta nirea bularreko minbizi desberdinak izan daitezke.
Psikologian ere prestatzen dira onkologoak?
Orain, psikologoak iritsi dira mundu honetara: psikoonkologoak. Eta nik uste dut lagungarriak direla, baina norberak egin behar dio aurre gaitzari. Hitz egitea oso ondo datorkio gaixoari, eta uste dut horretan oso lan handia egiten dutela gaixoen taldeek, bai bularrekoetan, bai beste minbizietan. Arazo bera dutenen artean hitz egiteak asko laguntzen du.
Mendekotasunik sortzen da zuekin?
Gertatzen da batzuetan etxean ez dutela botatzen gertatzen zaienaz ezer, hurbilekoak larritu nahi ez dituztelako eta abar... Askotan esaten dute: «Ez didazu ezta botika bat ere eman, eta zergatik ateratzen naiz kontsultatik etorri baino askoz hobeto?». Egin dugu egin beharrekoa. Gaitza tratatu behar da, eta baita pertsona ere.
Euskaraz egitea eskertu izan dizute gaixoek?
Askotan. Orain ez dago hainbeste jende erdararekin problemak dituena, baina lehen bai; gauza jakin batzuei buruz hitz egiteko, euskara behar zuten, eta bai, bai... eskertzen zuten. "Zein jatorra, eta, gainera, euskalduna!". Askotan entzun izan dut. Eta bitxia da: etxe honetan, zerbitzu honetan, denok dakigu euskaraz.
Azkenik... hau ez da galdera bat... prestatuta neukan, baina hunkitzen ari naiz... Eskerrak eman nahi nizkizuen... 12 urte nituenetik, honako joan-etorriak asko izan dira , baina beti ekarri didazue ama onik etxera...
[Eskuak eskua heldu du bulegoko mahai gainean. Zenbat aldiz egin ote du keinu hori Plazaolak...]. Biak hasiko gara hemen malkotan, mesedez!