Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak «berehala» askatzeko eskatu zuten azken ostiralean. Horrela, Txus Martin eta Ibon Iparragirre euskal presoen osasun egoeraz ohartarazi zuten, «haien bizitzek arrisku larria pairatzen dutelako espetxean». Euskal Herriko hainbat herritan egin ziren mobilizazioak Egin Dezagun Bideak antolatuta: esate baterako, Zarautzen 160 lagun elkartu ziren; Arrasaten, 140; Hondarribian, 37; Eskoriatzan, 35; Getarian, 30; Oiartzunen, hemezortzi; Durangon, 85; eta Sondikan, sei.
Egin Dezagun Bideak azaldu zuen euskal presoek jasaten duten espetxe politika Europako «gogorrena» dela, eta kartzelaldiak luzatzeko erabiltzen dituzten irizpideak zuzenbidetik eta parametro demokratikotik «erabat aldenduta» daudela.
«Espetxe politikak erabilpen eta errepresio terminoetatik konponbide baten klabeetara igaro behar du», adierazi zuen, eta aldaketa hori «berehala» egin behar dela gaineratu zuen, «euskal jendartearen gehiengo sozial eta politikoak hala eskatzen duelako».
Egin Dezagun Bidearen ustez, Euskal Herrian bizi den «abagune politikoan» 197/2006 doktrinak —Parotdoktrina izenez ezagunagoak— «ez du lekurik».
Sakabanaketari dagokienez, berriz, «onartezina» dela azaldu zuen Egin Dezagun Bideak, milaka eta milaka euskal herritar direlako bisitara bidean astebururo beren bizitza arriskuan jartzen dutenak. Gainera, ekimenaren iritziz, isolamendua, bakartzea edo presoak zigor ziegara bidaltzea zigor «inhumanoak» dira.
Manifestaziorako deia
Euskal presoen eskubideak defendatzeko eta espetxe politika salatzeko, mobilizazioak egingo dituzte gaur, Egin Dezagun Bidea ekimenak deituta, Euskal Herriko hondartzetan eta errepideetan. Egin Dezagun Bidearen ustez, «oinarrizko eskubideak urratu eta Euskal Herrian sortu den egoera politiko berriak behar dituen neurrien kontrako norabidean dagoen espetxe politika amaitzeko indar metaketa ezinbestekoa da». Horregatik, Donostiako kaleetan egingo den manifestaziorako deia egin du irailaren 17rako, Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira, Egin Dezagun Bidea lelopean.
Gaixorik dauden euskal presoak aske uztea eskatu dute azken ostiralean
Euskal presoen eskubideen alde mobilizazioak egingo dituzte gaur hondartza eta errepideetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu