euskal presoak

Gaixorik dauden presoak aska ditzatela exijitzeko manifestazioa izango da bihar Elgoibarren

Mikel Ibañezen heriotzean "errepresioak eta bereziki espetxeak" eragina dutela adierazi du AAMk. 18:00etan hasiko da igandeko martxa. 

2011ko apirilaren 9a
15:47
Entzun

Mikel Ibañez euskal preso zenaren heriotza gaixotasun larri eta sendaezin batek eragin duela esan du gaur Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), "baina Mikelen bizitza errepresioak, deserriak eta espetxeak markatu dute. Haren eritasuna ezin da horretatik deslotu, eta horregatik argi esan nahi dugu errepresioa eta bereziki espetxea daudela heriotza honen itzalean". Hala, gaixorik dauden euskal presoak aska ditzalela exijitzeko manifestaziora deitu du biharko. Elgoibarren izango da, 18:00etatik aurrera —plazatik aterako da—.

AAMk gogorarazi du hamaika aldiz ohartarazi izan zuela Ibañez "egoera larria" bizitzen ari zela eta "sendabidean jartzeko bide bakarra eskubide guztien jabe libre uztea" zela. "Baina antzeko kasuetan ohikoa den moduan, espetxe arduradunen eta epaileen itxikeria izugarria izan da". Minbizia izan arren, preso eduki zuten ia beti; aurtengo urtarriletik aske zen, baina baldintzapean.

Kartzela politika "ankerra" dela salatu du gaur, prentsaurrekoan —ezker abertzalea, presoen senideak eta Mikel Ibañez zenaren medikua ere izan dira agerraldian—. "Oinarrian, giza eskubideen ukazioa dago" Etxerat-ek atzo emandako datuen arabera, gaur egun sei euskal preso daude gaixotasun larri eta sendaezinekin espetxeratuta. Beste zazpi etxean daude, baldintza zorrotzekin.

Euskal Herriko gatazka konponbidean jarri nahi bada espetxe politika aldatu beharra dagoela uste du AAMk. "Horretarako, beharrezkoa izango da herritarren mobilizazioa eta eremu guztietan antolaturiko presioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.