Gaixotasun isila ezagutaraziz

Hepatitisaren Munduko Eguna da gaur, eta, hura oroitarazteko, 'Voces de la enfermedad silenciosa' liburua argitaratu dute; C hepatitisa izan duten hamabi eriren istorioak biltzen ditu.

Ezkerretik, Atehnako Antonio Garcia, Bernabe Vicente eta Miguel Angel Cirez kideak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Uste duzun baino gertuago dago». Hori diote Hepatitisaren Munduko Eguna iragartzeko afixek. Hepatitisa «gaixotasun isila» dela jakinarazteko jarri ditu Gibeleko Gaixo eta Transplantatuen Nafarroako elkarteak (Atehna) Iruñeko kaleetan. «Abisatu gabe sartzen da gorputzean, eta konturatu gabe, gutxika jaten zaitu», dio Antonio Garcia elkarteko zuzendariak. «Gaixotasun horren sintomak oso berandu agertzen dira; batzuetan, beranduegi». Nafarroan C hepatitisa duten 7.000 eta 8.000 gaixo inguru daude.

Voces de la enfermedad silenciosa (Gaixotasun isilaren ahotsak) liburua plazaratu dute Gibeleko Gaixo eta Transplantatuen Federazioak (FNETH) eta MSD etxeak, Hepatitisaren Munduko Eguna oroitarazteko. C hepatitisa duten hamabi eriren istorioak biltzen ditu, eta, haien artean, Garcia zuzendariarena. Duela 26 urte kutsatu zen C birusaz, eta gernuaren koloreari esker jakin zuen gaixo zegoela. Gero, hogei urte itxaron behar izan zuen transplantea jasotzeko. «Itxarote zerrendan lehenengoa nengoela esan zidaten, eta hurrengo egunean baneukan gibela», esan du. «Hala ere, zoritxarrez, oraindik badago itxarote zerrendan hiltzen den jendea».

Organo emaileak egotea garrantzitsua dela uste dute elkartean, eta hori sustatzea da haien egitekoa. «Bereziki bizien arteko transplantea bultzatu nahi dugu, organo urritasuna konpontzeko bidea delako», dio Garciak. Hala ere, arazoa bateragarritasuna izaten da. Horregatik, transplante gurutzatuen garrantzia ere goraipatu du Garciak.

Bernabe Vicente elkarteko kideari, ordea, azkar aurkitu zioten gibel berria. 1977an kutsatu zen C birusaz, hura aurkitu baino hamabi urte lehenago, eta hamalau egunez baino ez zen egon itxarote zerrendan. «Nire kasua asko aztertu zuten. 1992an egin zidaten ebakuntza, baina lehenago analisi asko egin zizkidaten», dio. Nabarmendu du gauzak asko aldatu zitzaizkiola transplantea egin ondoren. «Jateko gogo handiagoa nuen, eta arpegian, kolore hobea. Pozez negar egin nuen». Hamalau egunen buruan, bizikleta batekin zebilen Iruñeko kaleetatik. «Azkeneko hogei urte hauek hoberenak izan dira», dio.

Miguel Angel Cirezen istorioa ezberdina da. B birusaz kutsatu zen duela 30 urte, eta neurririk ez hartzeagatik minbizia izan du gibelean. «Urteak neramatzan ekografiarik egin gabe. Behin ekografia bat egin zidaten, eta gibelean hamar zentimetroko tumorea neukala ikusi zuten», azaldu du. Sendaezina zela uste zuten, eta ezin zitzaion transplanterik egin. Hala ere, kimioterapia jaso ondoren, tumorea txikiagotzea lortu zuten, eta erauzi egin zioten. Asko eskertzen du garai horietan jaso zuen Atehnaren laguntza. «Aurrera atera den jendea ikusi nuen, eta horrek indarra eman zidan nik ere aurrera jarraitzeko».

Sendabide hirukoitza

«Gaixotasuna sendatu ez zaigulako egiten digute transplantea», azaldu du Garciak. Hiru sendabide erabili izan dituzte C hepatitisa sendatzeko. Hasieran, Interferon sendagaiarekin tratatzen zituzten eriak. Gero, Ribavidina sendagaia gehitu zioten Interferonari, eta hori izan da azkeneko urteetan erabili den sendabidea. Horri esker, gaixoen %40 sendatzea lortzen da.

«Orain, %80 senda ditzakeen hiru botikez osatutako sendabide bat agertu da», azaldu du Garciak. «Garestiagoa da, eta, horregatik, ukatu egin zaio gaixo bati baino gehiagori». Garciak uste du administrazioek oso garestia ikusten dutela, baina beretzat hogei urtez medikuarengana joatea baino merkeagoa da. «Sendabide hori onartzea nahi dugu, baina ez da panazea; oso gogorra da, eta nahi gabeko ondorioak aurrekoan baino gaitzagoak dira». Vicentek gogorarazi du transplantearekin ez dela birusa gainditzen, eta azaldu du hura sendatuko duen sendagaiaren zain dagoela. Cirezen hitzetan, prebentzioa ere garrantzitsua da. «Gaixo daudenen %70ek ez dute inolako sintomarik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.