bahiketa

Gaizkile talde batek bahitutako errenteriar bat askatu dute Katalunian

Espainiako Guardia Zibilak eta Ertzaintzak burutu dute polizia operazioa. Guardia Zibilaren arabera, "erreskatearen negoziazioak porrot egin ostean", Frantziara zeramatzaten han hiltzeko.

Ustezko bahitzaileak atxilotu zituzten unea. GUARDIA ZIBILA
2018ko urtarrilaren 17a
16:24
Entzun

Espainiako Guardia Zibilak eta Ertzaintzak elkarlanean Errenteriako (Gipuzkoa) gizon baten bahiketa zapuztu dute. Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Errenterian behitu zuten gizona etxetik atera zenean, eta kolpeka eta pistola bat aurrean jarrita auto batean sartu zuten, Alacantera bidean (Herrialde Katalanak). Bahitzaileak gaizkile talde bateko kideak dira Guardia Zibilaren arabera, eta 2012an ere saiatu ziren gizon bera bahitzen. Orduko horretan, Frantziako Jendarmeriarekin elkarlanean, Tolosan askatu zuten gizona (Okzitania), eta operazioan bi fusil, pistola bat eta errebolber bat atzeman zituzten.

 

Guardia Zibilak Bahiketa (euskaraz) operazioa deitu du oraingoa. Jakinarazi duenez, 500.000 euro eskatu zizkioten Malagan (Espainia) bizi den gizonaren anaia bati aske uztearen truke. Bahituaren beste anaia batek jarri zuen salaketa Errenteriako ertzain etxean, erreskatearen berri emanez. Bahitua bere lan eremutik kanpo egon zitekeela aurreikusiz, Guardia Zibilaren eman zion bahiketaren berri Ertzaintzak, eta bi poliziek ikerketa talde bateratu bata sortu zuten.

Erreskatea kobratzeko negoziazioek porrot egin ostean, gizona bahitu eta bi egunera, betiere Guardia Zibilaren arabera, bahitzaileek Frantziara ihes egitea erabaki zuten, "han bahitua hiltzeko asmoz. Ondorioz, Guardia Zibilak bahitzaileak harrapatzeko operazio bat jarri zuen abian. Bahituarekin batera, Frantziako matrikula zuten bi autotan mugitzen ari zirela jakin zuen Guardia Zibilak. Azkenik, L'Arboc del Penedes herriko gasolindegi batean (Katalunia) harrapatu zituzten bahitzaileak, eta bahitua askatu zuten.

Bahitua osasun etxe batera eraman zuten, eta tratu bortitzaren ondorio diren kolpeak zituela egiaztatu zuten. Oiartzungo ertzain etxean elkartu zen berriro gizona familiarekin. Bost bahitzaile atxilotu dituzte, 27 eta 40 urte bitartekoak, eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du. Tartean sakelako telefono batean ezkutatutako taser pistola bat atzeman diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.