Eguerdiko ordubata eta erdiak aldera Juan Carlos Domingo Galdakaoko PSE-EEko zinegotziaren bizkartzain den Gabriel Ginesen autoan jarritako bonba lehertu da, Bilboko Abusu auzoan, Ibaizabal eta Zamakola kaleek bat egiten duten inguruan. Ondorioz, Gabriel Gines zauritu egin da.
Gurutzetako erietxera eraman dute, eta hango medikuek egindako partearen arabera, eskuineko eskuan ditu zauririk larrienak, hirugarren graduko erredurak baitauzka. Aurpegian, berriz, bigarren graduko erredurak ditu, eta zauri arinago bat bizkarrean. Oro har, gorputzaren %4an ditu erredurak, eta diagnostiko larria egin diote. Nolanahi ere, korderik ez ez duela galdu, eta arnasa hartzeko arazorik ez duela eta bizi ezaugarriak normal dituela nabarmendu dute medikuek.
Hasieran atentatua gertatu den lekuan bertan artatu dute Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako kideek, eta, ondoren, eraman dute Gurutzetara arta intentsiboko anbulantzia batean.
Atentatua nola gertatu den erabat argitu gabe dago oraindik, baina Ertzaintzak jakinarazi du auto barruan zegoela bonba, ez zela indar handikoa, baina erregai biltegiaren ondoan zegoenez handitu egin dela leherketa. Deflagrazioak eragin dizkio erredurak. Ertzainen arabera, bizkartzainak autoarekin 400en bat metro egin eta gero egin du eztanda bonbak.
Ginesek segurtasun enpresa pribatu batentzat egiten du lan, eta atseden eguna zuen gaurkoa.
Zinegotzia "lur jota" dago
Juan Carlos Domingo zinegotzia, berriz, Valentzian da,eta handik agertu duenez "lur jota" utzi du albisteak. Gainera, erasoaren lehen nondik norakoak jakinda beraren kontra barik bizkartzainaren aurka prestatu dutela ematen duela adierazi du . Lehergailua jarri duten autoa noizbait berak erabili izan duela azaldu du, baina normalean bizkartzainak baliatzen zuela. Elkartasuna adierazi dio zaurituari beraren eta bere familiaren izenean.
Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkatea (PSE) ospitalean izan da zauritua bisitatzen, eta irtetean agertu duenez, "haserre" zegoela esan die bizkartzainak erietxera iristean artatu duten erizainei. Ginesen familiarekin ere egon da Rodriguez, eta egun batzuren buruan lana amaitzen zitzaiola eta Zaragoza (Espainia) sorterrira itzultzekoa zela esan diote.
ETAk ekainaren 6an su-etena hautsi zuenetik egitea lortu duen hirugarren atentatua litzateke gaurkoa -hutsegin duten beste saio batzuk ere egin ditu-. Abuztuaren 24an bonba-autoa lehertarazi zuen Durangoko (Bizkaia) Guardia Zibilaren kuartelaren aurka. Kalte material handiak eragin bazituen ere, ez zuen inor zauritu. Irailaren 25ean, berriz, lehergailua zartarazi zuen Zarauuzko (Gipuzkoa) ertzain etxearen aurka. Orduan ere kalte materialak eragin zituen, baina ez zuen inor zauritu.
Galdakaoko PSEren zinegotzi baten bizkartzaina larri zauritu dute Bilbon atentatuan
Gabriel Ginesek bigarren eta hirugarren graduko erredurak ditu aurpegian eta eskuineko eskuan. Juan Carlos Domingo Galdakaoko (Bizkaia) PSEko zinegotziaren bizkartzaina da, eta bere autoan jarritako lehergailua zartarazi dute Abusu auzoan, Ibaizabal eta Zamakola kaleek bat egiten duten inguruan. Herrizaingo Sailak ETAri leporatu dio atentatua. Zinegotzia Valentzian (Herrialde Katalanak) dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu