euskal herria

Galdakaoko Udalak elkarretaratzea antolatu du Hodei Egiluzen desagertzea argi dadila eskatzeko

Bihar egingo dute, 19:00etan, Egiluzen jaioterrian, gaztea Flandrian desagertu eta hilabetera.

2013ko azaroaren 18a
16:07
Entzun

Joan den urriaren 18an desagerrarazi zuten Hodei Egiluz Anberesen, eta Udalak senideei babesa emateko asmoz antolatu du elkarretaratzea. Hamar minutuko isilunea egingo dute, eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe Anberesera joango da bihar hango alkate Bard De Weberrekin hitz egitera, zabalik dagoen ikerketari buruz.

Asteotan hainbat arrasto aurkitu ditu Poliziak, baina oraindik ez dute aurkitu. Bost lagun, lau heldu eta adingabe bat, atxilotu dituzte gertakariarekin zerikusia izan dezaketelakoan. Hipotesi hedatuenaren arabera, bortxazko lapurreta baten biktima izan zen Egiluz. Atxilotuetako batek Egiluzen sakeleko telefonoa eta kreditu txartela zituen, eta atxilotutako beste biri eman zizkien.

Atxilotutako bost lagunek Egiluz non dagoen ez dakitela esan dute, eta bilaketa lan nagusiak hiria zeharkatzen duen Eskalda ibaian egin dituzte.

Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen Egiluz 2012an, eta martxotik Anberesko enpresa batean lanean ziharduen ingeniari informatiko gisa. Aurkitzeko laguntza eskatu dute senideek, eta doako hainbat telefono zenbaki ireki dituzte Poliziarekin harremanetan jartzeko 24 orduz.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.