usansolo

Galdakaoko Udalak ez du Usansoloko galdeketa "oztopatuko", baina ez du baliabiderik jarriko

Ibon Uribe alkateak dio kontsulta azaroaren 23an egiteko erabakia "aldebakarrekoa" izan dela. Udalak 2015eko lehen hiruhilekoan egitea proposatu du.

Usansoloren bideragarritasun azterketaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE, ARP
2014ko urriaren 31
10:54
Entzun

Usansolo Herria plataformako kideekin batzartu zen atzo Ibon Uribe Galdakaoko alkatea. Uribek jakinarazi duenez, plataformak orain arteko asmoei eusten die, hau da, desanexioari buruzko erreferenduma azaroaren 23an egin nahi dute. Haren arabera, data zehazterakoan ez zuten udalaren iritzia aintzat hartu, eta salatu du orain laguntza eskatu diotela prozesua aurrera eraman ahal izateko.

Hori horrela, udalak ez du erreferenduma egitea "oztopatuko", baina ez du "gasturik dakarren baliabiderik jarriko eta ez dio egitasmoari estaldurarik emango". Udalak dioenez, egungo lege esparrua kontuan hartuta, hori babestea "legez kanpo" jardutea litzateke.

EHUk Usansoloren gainean egindako ikerketa ere hizpide izan du —ikerketa horren arabera, Usansolo udalerria bideragarria litzateke—. Uribek dio hedabideen bitartez izan dutela horren berri, eta "errespetu guztiarekin", unibertsitateko ikasle baten "ariketa teoriko bat" baino ez dela adierazi du.

Hil hasieran prozesuaren gaineko bide orri bat proposatu zien Uribek galdeketaren sustatzaileei. Horren arabera, azaro amaieran herritarren parte hartzerako batzorde informatibo batera deituko du udalak, gainerako alderdiekin prozesuaz hitz egiteko. "Argi dugu prozesuak ezin duela aldebakarrekoa izan; gizarte eta politika arloko eragileekin elkarbanatu behar da, esateko asko baitute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.