HERRI GALDEKETA

Galdeketa araudia indargabetzearen aurkako helegitea aurkeztuko du Donostiako Udalak

Zezenketen kontsulta egiteko Ministroen Kontseiluari baimena eskatzeko asmoa ere badu, alkateak esan duenez.

Eneko Goia Donostiako alkatea, hilaren hasieran. JON URBE, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko maiatzaren 12a
07:18
Entzun

Donostiako Udalak Hiritar Kontsulten Araudia indargabetzearen aurkako helegitea aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Gorenean. Hala erabaki du gaur Udal Bozeramaileen Batzordeak, bozketarik egin gabe. "Udalak legezko bide denak agortuko ditu araudia defenditzeko eta [zezenketen] kontsulta egiteko", esan du Eneko Goia alkateak. Helegitea aurkezteko epea astelehenean amaituko da. Zezenketen kontsulta egiteko Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluari baimena eskatzeko asmoa ere badu, Goiak adierazi duenez.

Alkateak asteartean iragarri zuen ziurrenik gobernura joko zuela baimen eske, "uztai horretatik pasatzeak graziarik ez egin arren". Auzitara jotzeari eragozpenak ikusten zizkion, araudia behin-behinean baliogabetuta geratuko zelakoan. EH Bilduk helegitea aurkezteko eskatu zion atzo alkateari, donostiarren eta Donostiako erakundeen "erabakien defentsa" egiteko. "Bestela, Goiak ez du mereziko Donostiako alkate titulua", zioen Axier Jaka zinegotziak. "Pozik gaude alkatearen jarrera aldaketarekin". adierazi du gaur Jakak berak.

Asteartean, Donostiako hainbat gizarte eragilek alkateari galdegin zioten "neurri guztiak" hartzeko araudia defenditzeko. Araudia lantzen ibili zen Kontraste Taldearen, Donostiako Gure Esku Dago-ren, Donostia Antitaurina Orain plataformaren eta zenbait auzo elkarteren –Loiola, Egia, Gros, Intxaurrondo eta Parte Zaharra– izenean eman zuten prentsaurrekoa.

Donostiako Udalak aurreko legealdian onartu zuen galdeketa araudia –duela urtebete–, udal talde denen babesarekin (Bildu, PSE-EE, PP eta EAJ). Hiriko herritarrek eta eragileek ere parte hartu zuten araudia prestatzen. Ondoren hasi zuen Donostiako zezenketen aurkako plataforma batek udalari kontsulta eskatzeko sinadura kanpaina, eta lortu zuen gutxieneko kopurua gainditzea. Alkateak kontsulta hori uda ostean egiteko asmoa iragarri zuen.

Donostiako hainbat gizarte eragilek deituta, galdeketa araudiaren alde elkarretaratze bat izango da Alderdi Ederren, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.