Politika

Galdeketa Legea goratu du Ibarretxek bere azkeneko gobernu kontseilu bileran

1999tik hura izan da Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta egindako legealdiaz "harro" dagoela adierazi du. Lopezek asteartean hartuko dio lekukoa. Bihar EAJko legebiltzar taldeak Ibarretxe lehendakari izateko hautagaitza Legebiltzarrean erregistratuko du.

2009ko apirilaren 29a
18:00
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak gaur, bere azkeneko gobernu kontseilu bileran, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Galdeketa Legea eta Estatus politiko berriaren proposamena -Ibarretxe Plana- goratu ditu.

1999tik Ibarretxe (EAJ) izan da kontseilu bilerako buru, ordutik baita lehendakari. Asteartero egon ohi dute gobernu kontseilu batzarra, Gasteizen, baina atzokoa jai eguna zen Araban eta gaur arte atzeratu dute bilera. Kontseiluko Joseba Azkarraga (EA) eta Javier Madrazorekin (EB) batera egin du agerraldia gaur.

Hamar urteko legealdiaz "harro" dagoela adierazi du Ibarretxek, "herritarrak eta herria defendatu" dituelako. "PPren eta PSE-EEren arteko akordioak ez bezala", berak hamar urteko legealdian "erabakitzeko eskubidearen alde" egin duela nabarmendu du Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak.

Ibarretxe ziur dago Euskal Herrian irtenbideak bilatzeko Galdeketa Legea eta Estatus politikora itzuli beharko dela.

Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ez du zehaztu bere etorkizunaren inguruko daturik. Bihar EAJko legebiltzar taldeak Ibarretxe lehendakari izateko hautagaitza Eusko Legebiltzarrean erregistratuko du.

Hurrengo asteartetik Jaurlaritzak beste lehendakari bat izango du: Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia. Lopezek, PSE-EEren beraren, PPren eta UPDren botoak jasoko ditu inbestidura saioan: 39 (25, 13 eta 1, hurrenez hurren). Orain arte beti EAJko kidea izan da Jaurlaritzako buru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.