Galdeketa, Russia Today-en

2014ko apirilaren 14a
17:14
Entzun

Etxarri Aranazko galdeketaren oihartzuna Errusiara arte iritsi da behintzat. Russia Today telebistak gaur bere webgunean jaso du albistea. "Etxarri Aranazko herritarrek, Nafarroan, igandean erreferendum ez ofizial batean bozkatu zuten, Euskal Herri independente batean bizi nahiko luketen galdetuta, Espainiarengandik bereizita", diote artikuluaren hasieran.

Artikuluan Etxarri Aranatz Nafarroan dagoela esan arren, Euskal Herria hiru lurraldek osatzen dutela dio kazetariak: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Baina gaineratzen du euskal independentismoa bereziki indartsua dela Nafarroan. Euskal Herriaz nabarmentzen du, Kataluniarekin batera, bere autonomiaren aldeko eskaera historia luze bat duela, eta hizkuntza propioa duela.

Artikuluan azaltzen dute atzoko eguna euskal abestiekin eta tradizioekin ospatu zutela etxarriarrek. Argazkian Donostiako manifestazio bat agertzen da, eta hor zehazten du hor daudenek "Euskal Herriaren eta Nafarroa probintziaren autonomia" handiagoa eskatzen ari direla.

Russia Today Errusiako telebista kate garrantzitsu bat da, eta hainbat hizkuntzatan emititzen du. Gaztelerazko seinalea ere badu. Bi mila langile ditu mundu osoan. Egoitza nagusia Moskun du baina munduko hainbat hiritan baditu gehiago ere, tartean, Madrilen. AEBetan atzerriko telebista kateen artean ikusienetako bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.