Galdutako mendizalea onik atera dute, lau metroko arrakala batetik

Aurrez hiru aldiz miatutako leku batean aurkitu zuten, atzo goizean, eta Gurutzetako ospitalean dago

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
ZEANURI
2004ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ruben Ortega mendizale barakaldarra Gurutzetako ospitalean dago, atzo eguerdiaz geroztik. Ospitaleko iturriek azterketa egin ostean jakinarazi zutenez, ongi dago: saihets bat hautsita eta ezkerreko eskumuturra eta eskuineko orkatila minduta dauzka.

Atzo 10:30 izateko minutu gutxi falta zirela, bere mendi taldeko lagunek topatu zuten azkenik, aurreko egun bietan hainbatetan begiratutako harkaitzen artean. Gauak ingurua elurrez bete bazuen ere, goizean atertu egin zuen, ez zen haize askorik eta horrek guztiak erraztu egin zuen bilatzeko lana.Mendizalea onik atera zuten, lau metroko sakonerako arrakala batetik. Ernai aurkitu zuten, aldarte onean, nahiz eta, Ortegak berak telefonoz jakinarazi bezala, zangoan zauria zeukan. Hasieran, hipotermia zantzu larriak sumatu zizkioten arren, salbamendu taldekoek uste baino hobeto aurkitu zuten.Ordu erdi behar izan zuten zulotik atera eta egonkortzeko. Zegoen lekua topatzea zaila izan bazen, ez zen samurragoa izan handik ateratzea: eguraldiak ez zion sarbiderik utzi ordurako Iurretako basetik abiatuta zegoen helikopteroari, eta mendizalea Arrabako aterperaino oinezjaitsi behar izan zuten, ohatila batean, 20 edo 30 lagunen artean, txandaka.Yolanda Carro Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako kideak Berriari emandako datuen arabera,Zeanuriko medikua zain zegoen Arrabako aterpean taldea ailegatu zenerako. Handik Pagomakurreko aterpera jaitsi zuten, eta handik, 14:30ak aldera, anbulantzian eraman zuten Gurutzetako erietxeraino.Ordu erdi geroago Zeanurin ziren bilaketa lanetan ibilitako boluntario guztiak, eta horrenbestez amaitu zen 53 ordu luze iraun duen ezustekoa. Orteak gau bi eman ditu kobazulo baten sartuta, zero azpiko tenperaturatik babesteko forro polar xume bat besterik ez zuela.

Urteberria Gorbeian

Egunotan jakinarazi den moduan, Ortegak Gorbeian egin zion ongietorria urte berriari, beste lau lagunekin batera. Urtezahar gauean igo ziren Iriñao aterperaino. Taldeko bi lagunek, Ortegak eta beste batek, tontorrerako bidea hartu zuten goizeko 04:30ean, eta beherako bidean gertatu zen istripua. Telefono mezuak igorri nahi zizkien etxekoei, zoriontzeko,eta momentubatean goian geratuko zela esan zion lagunari, bertan zeukalako sakelako telefonoarentzat behar zuen estaldura. Hori izan zenlagunak ikusi zuen azken unea.

SOS Deiak zerbitzuan goizeko 08:30ean jaso zuten Ortegaren lehenengo deia.Deia jaso zuenari zer jazo zitzaion eta gutxi gorabehera non zegoen esan zion, laban egin eta 30 metro beherantz jauzi zela arrakala batean, tontorretik beherako bidean, Dulau bidezidorreko harkaitzetan .

Jose Antonio Fernandez salbamendu lanen lehenengo bi egunetako koordinatzaileak argitu zuenez, lehenengo deia jaso eta berehala hasi ziren Ortegaren bila. Eremua zehaztuta zeukaten eta aurkitu aurretik hiru aldiz saiatu ziren ingurua ondo miatzen; baina euriak eta, batez ere, haizeak ezinezko egin zituen euren ahalegin guztiak.«Lekua Rubenek berak lehenengo egunean esandako eremuan zegoen. Zergatik ez dugun lehenago aurkitu? Haizete izugarriak bota egiten zituelako harkaitzen artean begira jartzen zirenak. Arriskuak galarazi egin die taldeei non zegoen ikustea», azaldu zuen Fernandezek.Telefonoz sei dei egin zituen Ortegak, guztiak urtarrilaren 1ean, lehenengo egunean. Azkena 20:30ak alderaizan zen. Gero ezer ez. Hamar segundoko deiak izan ziren, egoeraren eta kokapenaren gaineko argibideak emateko. «Bera lasai zegoen hitz egitean; pentsatzen dugu ezin izan duela gehiago deitu, bateria agortu zitzaiolako, edo hipotermiagatik ezin zituelako atzamarrak mugitu», gaineratu zuen.

-

SEGURTASUNA



«Bakarrik joatea arduragabekeria izan zen»



Onik sakelako telefonoari esker atera zutela onartuta, Jose Antonio Fernandezek, salbamendu lanen hasierako koordinatzaileak, kritika egin zion zauritutako mendizaleari: «Mendira lagunarekin joan behar da beti». Ordu askotako urduritasuna antzematen zitzaion Jaurlaritzako teknikoari. Yolanda Carro lankideak gehiago zehaztu zituen hitzok: «Gauza ez da mendira bakarrik edo lagunekin joatea, baizik eta mendian egiten dena zentzuz egitea. Gauez, eguraldi txarra iragarrita zegoenean eta beharrezko arroparik gabe joateak ez dauka zentzurik. Arduragabekeria izan zen bakarrik geratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.