«GALekin lotura zuten aginduak gobernutik etortzen ziren»

Madrilen Miguel Planchuelo epaitzen ari dira, La Consolation eta Batzoki tabernen kontrako atentatuak agintzea egotzitaDeklaratu duten lekukoek esan dute akusatuak ez duela zerikusirik atentatuekin

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«GAL sortzea erabaki erabat politikoa izan zen. Felipe Gonzalez zegoen guztiaren atzean». Hizketarako gogoz eta aurpegi serioz agertu zen Jose Amedo Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzi gelara. Begoña Lalana GALen Kontrako Herri Ekintza herri akusazioaren abokatuak egindako bigarren galderan hasi zen arduradunak seinalatzen: «Oso argi azalduko dizut». 1995ean Miguel Planchuelo espetxetik atera zenean Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea «asaldatuta» zegoela esplikatu zion epaimahaiari, eta horregatik, berari esan ziola atzo epaitzen hasi ziren auzia Planchuelo berriz espetxeratzeko asmo hutsez abiatu zuela. «Garzon Espainiako Gobernuko ministro izendatu balute, GALen kontrako auziak ez ziren inoiz existituko», esan zuen.

Haren esanetan, Planchuelok ez zuen inolako zerikusirik izan Donibane Lohizuneko Batzoki eta La Consolation tabernen aurkako atentatuekin. Behin eta berriz esan zuen GALen ekintzak Espainiako Gobernuak agintzen zituela «zuzenean», legetik kanpokoak zirela eta ez ziotela poliziaren hierarkiari jarraitzen. Aukera izan zuen bakoitzean esan zuen: «GALekin lotutako aginduak Gobernutik etortzen ziren zuzenean. Felipe Gonzalezek [gobernuburua zen], Jose Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa zen] edo Julian Sancristobalek [Bizkaiko Gobernadore zibila zen] ematen zituzten aginduak, eta Ricardo Garcia Danborenea, Txiki Benegas eta Ramon Jauregi jakinaren gainean zeuden».

GALen kontrako azkeneko epaiketan egin zituen adierazpenok Amedok, atzo. Argitzeke auzi asko dauden arren, ez dago besterik zabalik. Espainiako Poliziaren Bilboko burua zen Miguel Planchuelo epaitzen hasi ziren, 1986an La Consolation eta Batzokiren kontrako atentatuak agintzea egotzita. Herri akusazioak 114 urteko zigorra eskatzen du berarentzat, eta bera da akusazio bakarra. Sei hilketa saio egitea egozten diote. Fiskaltzak eta defentsak absoluzioa eskatzen dute. Gaur eta bihar jarraituko du epaiketak.

Auzi horretan epaitu eta zigortuta dago Amedo. Michel Dominguezi eta biei 108 urteko zigorra jarri zieten 1991n, atentatu hori egiteko mertzenarioak kontratatzeagatik. Aurretik jakina zena berretsi eta Planchuelori ardurak kentzeko baliatu zuen Amedok bere deklarazioa, funtsean. Dominguezek ardurarik ez zuela ere esan zuen. Hura, bere itzultzailea besterik ez zela izan, eta Portugaletik mertzenarioak Euskal Herriratu zituztenean han izan bazen, Frantsesez zekielako bakarrik izan zela, ez zuela inongo erabakirik hartu: «Inoiz jan behar ez zuen marroi bat jan zuen».

Mertzenarioak Portugalen kontratatu zituztela baieztatu zuen Amedok. Hasiera batean informazio lanetarako kolaboratzaileen bila joan ei ziren, baina Gonzalezek eta Barrionuevok esan omen zioten iparraldean ekin beharra zegoela, eta ea portugaldarrak horretarako prest zeuden. Hala zeudenez, Euskal Herrira ekarri ei zituzten. Dioenez, horretaz ez zuen ordea hitz erdirik ere egin bere nagusia zen Planchuelorekin. Bilbora deitu zuenetan hura ez zegoen, eta beraz, Francisco Alvarezekin hitz egin zuela azaldu zuen.

Alvarezek berak ere aitortu zuen portugaldarrak Bilbora eramateko baimena berak eman ziola Amedori, beti ere, informazio lanetarako. Alvarez Bilboko buru izan zen Planchueloren aurretik, eta garai hartan Madrilen egiten zuen lan, terrorismoaren kontrako aginte bakar gisa.

Portugaldar haietako bat atxilotu egin zuten Frantzian atentatuen ostean. Alfonso Guevara epaimahai buruak errieta egin zion Alvarezi, galdetuz, hori gertatuta nolatan ez zizkion Planchuelori kontuak eskatu berak baimena emandako hiru lagun horiekin zer gertatutakoaz. «Nik egingo nukeen», esan zion. Zer esan ez zekiela geratu zen Alvarez, eta «seguruenera egingo nuen» erantzun zion.

Planchuelok arrastorik ez

Planchuelo bera izan zen deklaratzen aurrena atzoko auzi saioan. Herri akusazioaren galderei ez zien erantzun, bai ordea fiskalari eta bere abokaturi. Berak GALekin bi lotura izan zituela esan zuen: Segundo Mareyren bahiketa batetik, eta Santi Brouarden hilketak GALek egin zuela ukatuz ateratako agiria bestetik. Besterik ez. La Consolation eta Batzoki tabernen kontrako atentatuez «prentsaren» bidez jakin zuela esan zuen.

Amedo zertan zebilen ez jakitearen arrazoi gisa esan zuen informazio lanetan zebiltzanek ez ziotela ematen egiten ari zirenaren berri zehatzik. Behin izan zen informatzaile batekin bileran, hain justu Jean Philippe Dabadekin izan zen Madrilen Amedorekin eta Alvarezekin batera –Dabadi egozten diote atentatua prestatzea–. Baina Planchuelok bilera hartan ez zuela parte hartzerik izan deklaratu zuen. Gauza bera baieztatu zuten gainerakoek gero. Batetik, bilera frantsesez izan zela esan zuen, eta berak ez dakiela frantsesez. Eta bestetik, berak beste bilera bat zuela, eta lehenago alde egin behar izan zuela.

Danboreneak bere deklarazioan esan zuen garai hartan ETAko kide bat bahitzea ez zaiola legez kanpoko iruditzen: «Irabazten zena gehiago zen galtzen zena baino».Sancristobalek berriz, Barne Ministerioa jarri zuen GALen atentatu denen iturburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.