Espainiako estatuko abokatu Francisco Sanz Gandaseguik 197/ 2006 doktrina ez eraisteko argudioak eman zituenean "ETAko 54 terrorista, GRAPOko zazpi, GALeko bat eta beste 14 delinkuente arriskutsu" aske geratuko zirela-eta sortuko zen "alarma soziala" azaldu zien Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaileei. Presio egiteko zabaldu zuten informazioa, ordea, ez da benetakoa. GALeko azken presotzat jotzen dutena, Ismael Miquel Gutierrez, 1985ean Miarritzen Robert Caplanne hiltzeagatik preso egondakoa, hirugarren graduan zegoen 2002az gero. Gutierrezekin hitz eginda baieztatu ahal izan zuen atzo Gara egunkariak. Martxoaren 8an eskumuturreko telematiko bidezko kontrola jarri zioten gainera, hain justu, Espainiak Estrasburgon azalpenak eman baino bi aste lehenago.
GALeko kide izandakoa Thailandian atxilotu eta zigortu zuten heroinarekin trafikatzeagatik, 1986an. Hara joan zen ihesi gerra zikinaren Kataluniako adarra desegin zutenean. 11 urte egin zituen Bangkokeko espetxe batean, eta, 1997an estraditatu zuten Espainiara. Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten Clapanneren hilketa zela eta. Guztira 40 urteko kondena zeukan narkotrafikoagatik —indultatu egin zuen Thailandiak azkenean—, eta 65 urte GALeko parte hartzearekin zerikusia zuten delituengatik. Espainiako Auzitegi Gorenak bi kondenak batu zizkion, eta hirugarren gradura bidea zabaldu, 2000an.
Hirugarren gradua eskuratu ondoren, pìxkanaka, kartzelatik ateratzeko baimenak jasotzen hasi zen. Bere bertsioaren arabera, espetxetik 2004an atera behar zuen. Ez zen hori gertatu, bost urteko espetxe onurak ukatu zizkiotelako, eta ondoren Parot doktrina iritsi eta aplikatu egin zioten. 2007tik baimen bereziak jaso zituen, lotara bakarrik joaten zen espetxera, eta martxoaren 8tik hori ere ez. Gutierrezek emandako bertsioak ez du bat egiten Espainiako Gobernuak emandakoarekin.