Gaur eguerdian, Galesko Gobernuaren ordezkaritza batek bisitatu du BERRIAren Andoaingo erredakzioa. Galesa Hizkuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ministro Alun Davies, Hezkuntza ministrorde Owen Evans eta Galesa Sustatzeko zuzendari Bethan Webbs izan dira, hain zuzen ere, erredakzioan egon direnak. Egin duten bidaiaren helburua da euskararen egoera ikusi eta hura biziberritzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutzea.
BERRIAren erredakzioan, lehenik eta behin, Martxelo Otamendi zuzendariarekin bildu dira. Aukera izan dute Euskaldunon Egunkaria-ren eta BERRIAren historia ezagutzeko, eta, batez ere, BERRIAk euskararekiko duen jarreraz eta euskal hizkuntzari egiten dion aportazioaz hitz egiteko. Estilo liburuari buruz luze aritu dira; Otamendik azaldu die BERRIArena dela euskarazko lehen estilo liburua, eta xehetasunez deskribatu ditu bertan aurki daitezken azalpen eta hiztegiak.
Zuzendariarekin solastatu ostean, erredakzioa bera bisitatu dute, eta zenbat kazetarik lan egiten duten galdetu diote. Gainera, estilo liburua ordenagailuan ikusteko aukera izan dute. Bukatzeko, Igor Susaeta kazetariak elkarrizketa bat egin die, aurrerago BERRIAk argitaratuko duena.
Galesen onartu berri dute plan bat, zeinaren helburua den gaur egun dagoen gales hiztun kopurua bikoiztea 2050. urterako. Hain zuzen ere, eskola da plan horren muina; gaur egun, Galesko haurren %22k egiten dituzte ikasketak galesko hizkuntzan. 2050. urterako, %40 izatea gustatuko litzaieke.
Galesen bizi direnen %20 dira gai tokiko hizkuntzan hitz egiteko, baina, diotenez, %20 horiek lehen hizkuntza dute galesa, eta egunerokotasunean erabiltzen dute. Alderantziz gertatzen da Euskal Herrian, non nahiz eta euskararen ezagutzak gora egiten duen hizkuntzaren kaleko erabilera behera doan.