Europako hauteskundeak

Galeusca "herrien koalizioa" dela nabarmendu dute EAJ, CiU eta BNGko buruek

Galeusca koalizioa aurkeztu dute Bilbon; hots, EAJk, CiUk, BNGk eta Valentziako zein Balear Uharteetako alderdi abertzale banak Europako hauteskundeetarako eratu duten hautagaitza. Hain zuzen ere, Galeusca alderdien koalizioa baino areago "herrien koalizioa" dela nabarmendu dute, eta euren helburua herriek Europan ordezkaritza izatea dela.

2004ko maiatzaren 20a
18:55
Entzun
Bilboko Carlton Hotelean egin du Galeuscak Euskal Herriko aurkezpena. EAJko, CiUko eta BNGko buruzagiek parte hartu dute; zehazki, Josu Jon Imaz EAJko lehendakariak, Artur Mas CiUko kide eta Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Anxo Quintana BNGko bozeramaileak. Halaber, haiekin izan da Josu Ortuondo Galeuscaren hautagaitzako kide jeltzalea.

Galeusca ez dela alderdien koalizio hutsa nabarmendu nahi izan dute aurkezpenean, baizik eta "herrien koalizioa" dela. "Galeusca hauteskundeetarako koalizio bat baino askoz gehiago da; herrien koalizioa da", esan du Imazek. "Alderdi politikoen gainetik, nazioen batuketa bat da, herriek Europan lekua izan dezaten", gaineratu du.

Hain justu, beren helburua herrien ordezkaritza Europaren muinera eramatea dela adierazi dute, "etxe barruraino", zehaztu du Masek. Izan ere, egun Europako etxe metaforiko horretan jaun eta jabe PSOE eta PP direla esan du CiUko buruzagiak, eta abertzaleei ez dietela ataritik barrurago sartzen uzten. "Horretarako bildu gara Galeusca osatzen dugun alderdiak, sarreratik haratago joan ahal izateko; guztion bazkaria prestatzen den sukalderaino eta janari hori jaten den egongelaraino", azaldu du.

Europan ez ezik, Espainiako Estatuan ere Galeuscak garrantzia izango duela adierazi du BNGko Anxo Quintanak. Agertu duenez, Espainiako bigarren trantsiziorako hizketakide izango da koalizioa: "Espainiako Estatua nazio bakarra izan ordez nazio askoz osatua dela onartuko duen bigarren trantsiziorako hizketakide izango gara", esan du, eta, zehaztu du, bide hori egin ahal izateko hiru ordezkari lortzea dutela xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.