HILBERRIA

Galindoren konfiantzako trafikatzailea

Navajas txostenean azaleratu zen Luis Astiazaranen eta Guardia Zibileko koronelaren arteko harremana. Hura bahitzen saiatu zen ETA 1982an.

jon olano
2016ko urtarrilaren 26a
13:38
Entzun

"Ohiko kokaina banatzailea". Horrela deskribatzen zuen Luis Navajas Donostiako Auzitegiko fiskalak Luis Astiazaran Iraola 1989an, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buruzagien eta droga trafikoaren arteko lotura aztertzeko txostenean. Maximo Blanco Lopez guardia zibilak barne salaketa baten bidez zehaztu zuenez, droga trafikoaren bidez lortutako diru hori ETAren aurkako jardunerako erabili zuten ondoren.

Hernialdekoa (Gipuzkoa) zen Astiazaran, eta 74 urte zituela hil da, Oionen (Araba). Navajasen txostenak azaldu zuen Galindoren laguna zela. Txosten horrek, ordea, ibilbide laburra izan zuen; Navajasek Espainiako fiskalari eman zion, baina galdu egin zen gero. Fernando Andreu epaileak zeraman auzia, eta hark ontzat jo zuen Guardia Zibilak Navajasen txostenaren aurka eginiko agiria. Guardia Zibilaren dokumentuaren arabera —"kontrainforme" gisa ezagutu zena—, Galindok eten egin zuen Astiazaranekin zuen laguntasuna, hura legez kanpoko jardueretan zebilela jakin eta gero.

Guardia Zibilaren txosten horren arabera, Astiazaran "Guardia Zibilaren jarraitzaile izateaz harro ageri diren pertsona horietako bat" zen. Areago zihoan ordea Blanco Lopez polizia bere salaketan; "terrorismoaren aurkako borrokan" erabiltzeko, diru kopuru handiak eman ohi zizkien poliziei gutun azaletan eta poltsa beltzetan, Jose Antonio Santamaria eta Javier Narbarterekin batera.

Bahiketa saioa

1982ko uztailaren 7an, hura bahitzen saiatu zen ETA politiko militarra. Hernialdeko zinegotzia zen orduan, eta mehatxupean zuen ETAk. Emazteak ohartarazi zion zenbait lagun zeudela haren garajean, eta tiroka hasi zitzaien Astiazaran. Ihes egin zuten. Antonio Gabiola, Juan Carlos Lazertua eta Martin Izagirre espetxeratu zituzten gertaera horren harira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.