Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak gaur jakinarazi du hark proposatutako "ezohiko kasuetarako" bizi guztirako kartzela "bakarrik terrorismo delituen" gainean ezarriko dela.
Europa Press berri agentziak antolatutako agerraldi batean egin ditu adierazpenok, eta zehaztu du neurri hori aplikagarria dela "gizarteak uste duenean ez dagoela nahikoa urte lagun batek askatasuna berreskuratzeko, egin duen minarengatik".
Gallardonek urtarrilaren 25ean azaldu zuen "alarma soziala" sortzen duten auzietan bizi guztirako kartzela zigorra ezarri nahi zuela. Gallardonek esan zuenez, neurri hori "salbuespenezko kasuetan bakarrik" hartuko lukete, ezohiko gertaeraren bat epaitu behar denean.