Galparsoro espetxeratu izana salatu dute PP eta PSE-EE ez beste alderdi guztiek

Pastorrek dio Garzonen erabakiak ez duela zerikusirik Arrasaten mozioa onartu ez izanarekin

ERREDAKZIOA
2008ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko alderdi politiko gehienek eta beste zenbait eragilek Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen espetxeratzea arbuiatu dute, hala nola EAJk, EAk, EBk, Aralarrek, Batzarrek, ELAk, LABek eta Askatasunak.

EAJk, Emilio Olabarria diputatuaren ahotik, «apetazko jokabide judiziala» izan dela esan du, eta halako jokabideek «terrorismoaren aurkako borroka» ahuldu egiten dutela, zuzenbide estatuan «defizit garrantzitsuak» eragiten dituztelako eta «biolentoei» arnasa ematen dietelako. ETAren atentatuak ere hizpide zituela, «jasanezin bihurtu den egoera konpontzeko» esertzeko ordua dela adierazi du Olabarriak. Arrasateko Udaleko EAJko zinegotzi taldeak, aldiz, Galparsoro alkatea lehenbailehen aske uzteko eskatu zuen atzo, ohar baten bidez, herenegun EB-Zutik-eko, EAko eta Aralarreko zinegotziek agiri bateratuan egin zuten bezala.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta EAko idazkari nagusiak kezka agertu du Galparsororen kartzelatzeari buruz, «zuzenbide estatuaren ikuspegitik» kezkagarria izango bailitzateke, Azkarragaren hitzetan, Arrasateko alkateari «egile zuzenbidea» ezartzea. «Nahiko genuke Justiziak politikaren ekimenaordezkatuko ez balu», esan du.

Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu eta EBko koordinatzaile nagusiak galdetu du nola litekeen «duela urtebete legezkoak zirenei orain banda armatuari laguntzea leporatzea». Madrazoren hitzetan, Auzitegi Nazionalak azaldu egin behar du zer froga dituen Galparsororen aurka: «Jendeak, bestela, ez du ulertzen».

Aralarren ustez, «oso larria» da Arrasateko alkatea kartzelatzea, eta «berehala» askatzeko eskatu du. Aralarren iritziz, Arrasateko Udalean EAJk eta PSE-EEk bultzatutako mozioa ez onartu izanaren «lehendabiziko ondorioa» da Galparsoro kartzelatzea. Espainiako Gobernuak «sorgin ehiza» abiatu duela uste du, eta giza eskubideen defentsa egiteak «pertsona guztien eskubide zibil eta politikoak» errespetatzea dakarrela gogorarazi dio Zapaterori.

Batzarrek ere arbuiatu egin du Galparsoro preso hartzea, batetik «bidegabekeria nabarmena» delako eta bestetik «ETAren ekintzen eta EAE-ANVren jarrera politikoen deslegitimazio soziala lortzeko» desegokia delako.

ELAren iritziz, «bidegabekeria hutsa» da Galparsororekin gertatua, «berehala» aske utz dezaten eskatu du. ELAk esan duenez, «neurriz kanpoko erabaki honek» erakusten du «interes eta bultzada politikoen menpe» dagoela Espainiako sistema judiziala.

Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak esan du «benetako eskandalu politikoa» dela Galparsoro espetxeratzea, eta botere judiziala estrategia politiko jakinak bultzatzeko erabiltzen ari direla erakusten duela.

Askatasunak, ohar baten bidez, «EAJk eta PSOEk independentziaren aldeko borroka ezabatzeko aurrera daramaten dinamikaren barruan» kokatu du Arrasateko alkatearen kartzelatzea.

Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak ziurtatu du Arrasateko Udalean «mozio etikoa» atzera bota izanak eta alkatearen espetxeratzeak ez dutela loturarik, eta zerikusia dutela esatea «maltzurkeria» dela. «Alderdi nazionalistetako hainbat buruzagik» Galparsoro aska dezatela «suhartasun harrigarriz» eskatu izana deitoratu du Pastorrek, eta buruzagi horiek beraiek udaletako mozioak «suhartasun berberaz» sostengatzen ikusi nahi lituzkeela gaineratu du.

Francisco Garcia Raya Arrasateko PSE-EEko bozeramaileak erabaki judizialei errespetua adierazi die, eta orain arte Arrasateko gobernabideari buruz kezka agertu dutenei gogoeta egiteko eskatu die, Galparsororen espetxeratzearekin gobernabide hori zalantzan gelditu delako.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.