Gara egunkariaren arabera, identifikatu dute Iñigo Cabacas hil zuen gomazko pilotakada ustez bota zuen ertzaina. Duela hiru urte Bilbon jazo zen Ertzaintzaren oldarraldiaren bideo berri batek bide eman dio susmagarria identifikatzeari. Bideo hori ikusi ostean Espainiako bi poliziak epailearen aurrean egin zituzten deklarazioengatik jakin dira, egunkariaren arabera, susmagarriaren izen-abizenak. Hilaren 13an deklaratu zuten bi polizia horiek, auzian inputaturiko bost ertzainekin batera.
Epailearen aurrean aurkeztu zuten bideo horretan, hainbat ertzain ikusten dira Iñigo Cabacas larri zauritu zen egunean pilotakadak botatzen. Perituetako batek esan zuen posible dela ertzain horietako batek pilotakada Cabacas larri zauritu zen kalera botatzea, eta, ertzainaren kokalekua eta egoera ikusita, bazitekeela hark bota izana Cabacas larri zauritu zuen pilotakada.