«Garai berriko» erronkak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan ildoak azaldu dituzte diputatu nagusiak eta haren bulegoko zuzendariek Batzar NagusietanGatazkaren konponbiderako, guztien arteko elkarrizketa aldarrikatu du Garitanok

Martin Garitano eta haren bulegoko zuzendariak batzarkide taldeetako bozeramileekin bildu ziren atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Datorren urte politikora begira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan ildoak zeintzuk izango diren azaldu zuten atzo Martin Garitano diputatu nagusiak eta haren bulegoko zuzendariek, batzarkide taldeetako bozeramaileekin eginiko bileran. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, lau izango dira foru gobernuaren erronkak: bakea, normalizazioa eta eskubide zibil eta politiko guztiak onartuak izango diren egoera baten eraikuntza sustatzea; krisi ekonomikoari irtenbide soziala ematea; emakume eta gizonen berdintasunerako politikak garatzea, eta Gipuzkoako herritarrengana demokrazia zabaldu eta instituzioak irekitzea.

Batzarkide taldeetako bozeramaileek Garitanoren eta haren bulegoko zuzendarien agerraldiaren ostean eginiko adierazpenetan, Garitanori eskatu diote lan ildo horiek aurrera ateratzeko beharrezkoa den gobernu programa «zehazteko». Markel Olano EAJren bozeramaileak «definiziorik eza eta inprobisazioa» leporatu dio Garitanori, eta Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak «sistema barrutik sistemaren aurka egitea». «Neurri zehatzak proposatzeko garaia da, eta ez promesena». Juan Carlos Cano PPren eledunak, berriz, «enpresen lehiakortasunerako eta lana sortzeko» zer neurri hartuko duen zehaztea galdegin dio. Rebeka Ubera Aralarreko bozeramailea «sartu bezala irten» da bileratik.

Bere hizketaldian, Euskal Herria «garai berri» batean aurkitzen dela nabarmendu du Garitanok, eta gatazka politikoaren konponbideari bidea ematea Foru Aldundiaren «lehentasuna» izango dela adierazi du. «Guztiok irabazle aterako garen konponbide bat eraikitzen lagunduko dugu, jakitun aurpegi asko dituela eta ez dela lan erraza, baina bai egin beharrekoa. Hasteko, edozein biolentzia, mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura desagertzeko lan egingo dugu». Erronka horri aurre egiteko «bitarteko bakarra eta eraginkorrena» elkarrizketa dela esan du Garitanok. «Gure egiten dugu Gernikako adierazpenean gatazkak eragin dituen biktima guztiei buruzko hausnarketa», nabarmendu du.

Krisialdi ekonomikoa da Foru Aldundiaren beste kezka nagusia. Diputatu nagusiak azaldu duenez, «gizarte ekonomia eta ekonomia kooperatiboak» sustatuko ditu Foru Aldundiak, eta «sektore estrategikoen kontrol publikoa eta soziala indartuko» du.

Zerga sistemaren erreforma ere beharrezkoa ikusten du Garitanok. Zeharkako zergak txikitzeko asmoa agertu du, zerga zuzenen mesedetan, eta baliabide naturalen kontsumoaren gaineko zerga ezartzeko nahia agertu du. Iruzurraren aurrean, berriz, iragarri du handitu egingo dituztela enpresa errenta, errenta profesional eta ondasun errenten ikuskaritza fiskalerako baliabide teknikoak eta giza baliabideak.

Kutxen bat egitearen inguruan ere mintzatu da. Garitanoren arabera, «lurraldearen dinamizazioan paper garrantzitsua jokatu behar dute» kutxek. «Kutxaren helburu nagusietako bat gizarte ekonomiaren finantzaketa izan beharko luke. Era berean, eta kutxaren gizarte izaerari erantzunez, Gizarte Ekintzan inbertsio sozialak handitzeko pausoak emango ditugu», azaldu du.

Krisialdiak udalen finantzabidean izan duen eragina ere izan du hizpide diputatu nagusiak. Udalen eskumenak eta finantzaketa zehaztuko dituen Udal Lege baten beharra aldarrikatu du. Prozesu horretan udalei «ahotsa eman» behar zaiela adierazi du.

Gipuzkoaren garapen ekonomikoa sustatzeko, egungo eredua gainditu eta lurraldearen inguruko eztabaida irekitzea proposatu du, halaber, Garitanok. «Gipuzkoako garapen ekonomikoan inplikatuta dauden eragile guztiak bilduko dituen parte hartzeko espazio bat sortuko dugu». Horren harira, Pasaiako egungo portuaren «hobekuntzaren eta modernizazioaren» alde azaldu da.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, birziklatzea, berrerabilpena eta bilketa selektiboa sustatuko ditu Foru Aldundiak, Garitanok azaldu duenez.

Mugikortasunak ere leku berezia izango du. Garraio publikoaren aldeko apustua egingo duela adierazi du, besteak beste, maiztasuna handituz, garraio ezberdinen arteko loturak erraztuz eta txartel bakarra zabalduz. «Gizarte erabilera» izango duen trenbide sarearen alde azaldu da. «Bidaiariak eta merkantziak garraiatzeko aukera emango duena, gure lurraldeak ingurunearekin lotuko dituena eta, ondoren, Europako trenbide sarearekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.