Memoria historikoa

Garaipen xume bat

Francoren erregimenak Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzen duen lana aurkeztu du Euskal Memoria fundazioakDiktaduraren garaiko kontakizuna egiteko dagoela esan du Iñaki Egaña historialariak

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hainbat hamarkadatan Francisco Francoren udako oporretarako etxea izan zen Aieteko jauregian aurkeztu du bere azken lana Euskal Memoria fundazioak. Diktadorearen etxea izan zena Bakearen Etxea da gaur egun, eta han frankismoari buruzko lan bat aurkeztu izana diktaduraren biktimentzako garaipen xume bat dela nabarmendu du Iñaki Egaña liburuaren egile eta fundazioaren lehendakariak. «Pazientzia beharrezkoa da gauzei buelta emateko, eta hau da horren froga. Hemen, Francoren etxea izan zen leku honetan, frankismoari buruzko lan bat aurkeztea garaipen bat da».

Bi urte luzetan eginiko lanaren emaitza da Frankismoa Euskal Herrian. Behin betiko konponbidea Euskal Memoria fundazioaren bigarren liburua. Iaz, azken 50 urteetako errepresioa dokumentatu zuen Joxean Agirre soziologoak, Gernikako seme-alabak liburuan.

Bigarren lan honetan, berriz, 1936ko altxamendu faxistaren ondorioz Euskal Herrian indarrez ezarri zuten garaia azaltzen du Egaña historialariak, frankismoaren lehen hamarkaden kronika soziopolitiko bat osatuz, Euskal Memoriak azaldu duenez.

Liburuak dituen 800 orrialdeetan kronologia bat azaltzen da urte horietan jazotako gertakari nagusiekin. Hamasei atal ditu liburuak, eta, horietan, hainbat gai jorratzen dira: erbestea, erregimenaren aurkako oposizioa, eguneroko bizitza, euskara... Horri gehitu behar zaizkio hainbat gehigarri eta ia 1.500dik gora argazki. Liburuarekin batera, eta CD batean, dokumentazio ugari jaso du egileak: besteak beste, 1936tik aurrera diktaduraren aurkako borrokan hildako eta fusilatuen izen zerrendak, erbesteratutako haurrenak eta TOP Ordena Publikoaren Auzitegiak auziperatutakoenak. «Lan honetatik abiatuta, frankismoaren kontra egiteko dagoen epaiketa horretarako abiapuntu bat izango dugu. Herri epaiketa, diktadorearen kontrakoek esaten zuten bezala», adierazi du Euskal Memoria fundazioak.

Auzolanean egindako lana

Liburuaren aurkezpen ekitaldian, liburua egiterako orduan herritarren aldetik jaso duen laguntza eskertu du Egañak, eta gisa honetako ikerketa bat aurrera eramateko «auzolanak» daukan garrantzia nabarmendu du. «Gure herrian berezkoa dugun lan egiteko modua da auzolana».

Historialariak azaldu duenez, herriz herri egindako lanaren emaitza da liburua, eta urte luzez «klandestinitatean eta isiltasunean» dokumentuak gorde dituzten herritarrak gogoratu ditu. «Sinadura bat dauka liburuak, baina askoren artean eginiko lana izan da hau».

Horiei guztiei omenaldia egiteko baliatu du Euskal Memoriak liburuaren aurkezpen ekitaldia. Hori hala, han izan dira Rosa Larrañaga 1936an Sobietar Batasunera erbesteratutako emakumea eta gerran fusilatutako Jesus Larrañagaren alaba. Marcelo Usabiaga frankismo garaian 21 urtez espetxean egondako militante komunista eta makia, eta Txomin Letamendi Urresti, 1950ean torturaren ondorioz hildako Txomin Letamendi Murua jeltzalearen seme eta frankismoaren azken urteetan atxilotu eta torturatutako herritarra. Haientzako esker hitzak izan ditu Egañak, eta nabarmendu du iraganaren eta etorkizunaren zubi lana egiteko ezinbestekoak direla haien testigantzak.

Liburuaren aurkezpena egiteko ardura, berriz, Egañaren beste bi kidek izan dute. Pako Etxeberria auzi mediku eta gerrako eta frankismoko hobi komunen ikertzaileak eta Juan Joxe Agirre Lazkaoko beneditarren artxibategiko arduradunak. Egañak egindako liburuaren garrantzia nabarmendu dute Etxeberriak eta Agirrek, gisa horretako lanek diktaduraren urteetako kontakizun «justuago bat» egiteko balio dutelako. «Zientzialarioi eskatzen digute objektiboak eta inpartzialak izateko, baina giza eskubideen urraketen inguruan ezin gara neutralak izan», nabarmendu du Etxeberriak. Aranzadiko kideak azaldu duenez, Egañak «espazio publikora» ekarri ditu «ezkutuan» zeuden hainbat testigantza eta dokumentu. «Eta hori da, hain zuzen ere, liburu honek daukan balioa».

Agirrek, berriz, Lazkaoko beneditarren artxibategiko buru gisa Euskal Herriaren historia hurbileko dokumentuak biltzen eman dituen urteei begiratu bat egin die. Bidean jarri dizkioten trabak gogoratu ditu; egun lan hori egiteko zailtasunak badirela aitortu duen arren, itxaropentsu azaldu da.

Egañarentzat, berriz, lotura estua dauka lanak eztabaida publikoaren erdigunean egun dagoen gai batekin: Euskal Herriaren historiaren «kontakizunarekin», alegia. «Ez dut nik esango kontakizun bakarra behar denik, baina bai zabalagoa izan behar duela».

Historialariaren arabera, frankismoko urteei buruzko kontakizun bakarra «inposatu» da: «garaileena». Gerrako eta diktadurako biktimena, berriz, egiteko dagoela nabarmendu du, eta liburu honek bide horretan ekarpena egin nahi duela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.