Prefetak aurkezturiko herri eta hiri elkargoen mapa berria «zentzu onera» doala badio ere Garapen Kontseiluak, elkargoen arteko lankidetzari eutsi eta garatuegin behar dela dio. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriari dagokionez, uste du «lurraldearen gobernantza azkartzearen beharra» lotu behar dela hiri eta herri elkargoen azkartzearen xedeari. Horretarako, Ipar Euskal Herriarentzako gobernantza tresna bat planteatzea eskatu dio prefetari. Hain zuzen, «ezinbestekotzat» dauka lankidetza hori, eta azaldu du garapenerako eta lurralde antolaketaren arloko erronka handien erabakigunea herri eta hiri elkargoak baino handiagoa dela. Gainera, hori «funtsezko baldintza» dela dio, hamar herri eta hiri elkargoen geroa segurtatzeko.
Garapen Kontseiluak uste du inguruko beste lurraldeekin ere elkarlana bultzatu behar duela Ipar Euskal Herriak, eta hori gauzatzeko Zuberoaz, Nafarroa Behereaz eta Lapurdiz osaturiko egitura behar dela. Irailaren 19an adostu zuen Kontseiluak prefetaren proposamenari buruz duen ikuspuntua.
Lankidetza hori orain arte betetzen zuten Garapen eta Hautetsien Kontseiluak desagerraraztea «dolugarri» dela berretsirik, hiru proposamen ikertzen ari dira Kontseiluan: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea; bigarrena, delegaturiko eskumenak izanen lituzkeen erakunde publiko baten sortzea, eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen erakunde publikoa eratzea.
Otsailean jakinaraziko dutehiru proposamenen artean zein duten lehenesten. Baina gaurdanik diote bi Kontseiluek betetzen duten eginkizuna «oraindik azkartu» beharko duela egiturak, «lurraldearen beharrei erantzuteko», «erronka berriak gainditzeko» eta «ondoko lurraldeekin elkarlanean aritzeko».
Anartean, Zuberoak, Nafarroa Behereak eta Lapurdik osaturiko lurraldetasuna errespetatzeko eskatu diote prefetari. Prefetak egina duen berrantolaketa proposamenean, Lixoze (Biarno) Euskal Herriari lotua da, eta Jeztaze (Zuberoa) Biarnori. Hala eta guztiz ere, Kontseiluak dio prefetaren proposamena ez dela Ipar Euskal Herriaren eremuarekin «kontraesanean».
Herriko etxeen adostasuna
Prefetak xede duen berrantolaketa herriko etxe guztien «adostasunarekin» finkatu beharra dela dio Garapen Kontseiluak, «horrelakorik ez bada lortzen, tokiko dinamikak ahulduko direlako». Are gehiago, herritarrekiko hurbiltasuna atxikitzea ere eskatu du. Horretarako iritzi trukea eta solasaldi eta ikerketa uneak behar direla erranik, azaldu du prefetak planteatu agenda ez dela «bateragarria» egin molde horiekin.
Baina begi onez ikusten ditu, oro har, Frantziako Gobernuak mapa berri horrekin helburu dituen herrien arteko sindikatuen «arrazionalizazioak» eta herri eta hirien «azkartzeak». Prefetak abenduaren 31n finkatuko du behin betiko mapa berria.
Garapen Kontseiluak gobernu tresna bat nahi du Ipar Euskal Herriarentzat
Prefetak aurkeztu mapa «zentzu onera» baldin badoa ere, elkargoen arteko lankidetza atxikitzea eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu