Rebeka Ubera

"Garbi dugu EH Bilduk alderdiez haragoko egitura bat behar duela"

Rebeka Ubera  Aralarreko idazkari nagusia Aralarreko antolaketa idazkari izan da 2009. urtetik, eta orain Patxi Zabaletaren lekukoa hartu du alderdiaren gidaritza hartzeko. EH Bildu gehiago egituratzea eta independentzia izanen dira alderdiaren xedeak.

Rebeka Ubera, Aralarreko idazkari nagusi berria. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2014ko azaroaren 16a
10:06
Entzun

Idazkari nagusi zara alderdiaren babes handiarekin.

Aralarreko eta ezker abertzaleko militante bezala erantzukizun handia da momentu politiko inportanteak bizitzen ari garelako. Alde batetik krisi gogor bat dugu, eta herritarrek erantzunak behar dituzte. Bestetik, bakea lortzeko elkarbizitza demokratikoa bukaeraraino iristeko erantzukizun handia daukagu. Hirugarrenik, Euskal Herriaren independentzia eta burujabetza helburu izanda, inportantea da herritarrei hitza ematea eta beraiek adieraztea zein norabidetan eraiki nahi duten Euskal Herria.

Patxi Zabaleta ohorezko presidente izanen da aurrerantzean.

Erreferente bat izan da, eta izaten jarraituko du, Aralarren jarraituko baitu eta elkarlanean arituko baikara. Bere ekarpena maila politiko zein pertsonalean handia izan da herri honetan, eta espero dugu hemendik aurrera ere bere ekarpena tamaina horretakoa izaten jarraitzea.

Ardura nagusia oraingoan ez da nafar baten esku egonen.

Guk buruan Euskal Herria dugu, bere osotasunean. Gure jatorria dena delakoa izanik ere, eguneroko politika egiterakoan ikuspegi orokor horretatik jarraituko dugu lanean. Are gehiago, momentu honetan Nafarroan aldaketa hain gertu dugunean, Nafarroa lehentasuna izango da Aralarren.

Koordinatzaile nagusia, ordea eta antolaketa idazkaria lehen. Orain idazkari nagusia eta ohorezko presidentea. Zergatik?

Jauzi praktikoa egiten ari gara EH Bildun. Guk argi dugu alderdia egokitu behar dela EH Bilduren eboluzioari, eta bizkortu eta ondo prestatu behar dugu alderdia gaur egungo gizartearen erronkei erantzuteko. Aldaketak egin ditugu: organo unipertsonalak sinplifikatu, oinarria eta organo kolegiatuak indartzeko.

EH Bildu gehiago egituratzeko eskaria egin duzue. Nola egin behar da hori?

Aralarrek beti esan du Euskal Herriak ezker abertzale zibil eta zabal sendo bat behar duela. Guk argi daukagu EH Bildu norabide horretan doala, eta garbi daukagu alderdiez haragoko egitura bat izan behar duela. Pertsona ezkertiar, aurrerakoi eta abertzaleei tokia egin behar die. Norabide horretan, barne espazioak sortu behar dira eztabaidarako eta erabakiak hartzeko. Espazio horretan tokia eman behar zaie alderdiez harago ekarpena egin nahi duten guztiei.

NaBairen zein EH Bilduren garaietan izan duzu ardurarik. Zer ibilbide izan du Aralarrek koalizio horietan?

Gizartea eboluzionatzen joan da, eta guk garbi daukagu alderdiek gizartearekin batera eboluzionatu behar dutela. Bere momentuan NaBaik oso modu eraginkorrean eta egokian erantzun zion Nafarroak zuen behar bati, eta momentu honetan, zalantzarik gabe, EH Bildu da Nafarroak eta Euskal Herriak behar duten tresna. Zergatik? Ba Euskal Herriak behar duelako ezker sendo bat; alderdiez harago pertsona ezkertiarrez, feministez, eta esparru orotarikoaz osatua. Eta pentsatzen dugu momentu honetako eboluzioari eta etorkizunari begira EH Bildu dela gure apustu estrategikoa.

2011n sartu zen Aralar EH Bildun. Nola baloratzen duzu?

Positiboki. Hasiera guziak zailak izaten dira, baina ikusten da bagoazela poliki-poliki. Beti autokritikotasunetik, EH Bilduk egiten dituen politikek herritarrei eta bizi dugun krisi ekonomiko, sozial eta instituzionalari erantzuten diote. Ikaragarrizko ekarpena egiten ari da ere bakegintzan, eta herritarren ahalduntze prozesu horretan erabakitze eskubidea praktikara eramateko.

Nafarroa eta EAEren arteko bereizketa ez da hain argia ponentzia berrian?

Erabaki esparruez harago, guk Nafarroari ez diogu inolako eskuduntzarik kendu, dena berdin mantentzen da. Aldaketa bakarra dago: Nafarroako Parlamentuaren kontrol politikoa Nafarroako zuzendaritzaz gain Hegoaldeko zuzendaritzak ere izatea. Hegoaldea ez baita EAE edo Nafarroa, biek osatzen dute. Gainera, gure erronkak eta helburuak lortzeko, garrantzitsua da ikuspegi orokorra izatea, herrialdeen arteko koordinazioa eta kohesioa sendotzea. Eguneroko lanaren ikuspegitik ere, funtsezkoa da jakitea Nafarroako Parlamentuan eta Legebiltzarrean zer egiten ari garen.

Nola lortuko duzue ponentzian aipatzen den Euskal Herria ekosozialista eta independentea?

Saiatuko gara eguneroko lanean politika egiten dugun esparruetan irizpide eta proposamen horiek bultzatzen eta sustatzen. Orain arte ere horrela egin dugu. Momentu honetan norabide horretan sakondu behar dugu, eta horregatik azpimarratu nahi izan ditugu ekosozialismoa eta independentzia.

Independentzia erdiesteko zer proposamen du Aralarrek?

Euskal gizarteari dagokion erabakitze eskubidea praktikara eramateko bidea ireki behar da. Katalunian bide horretan jarri dira. Hor protagonismoa herriak hartu du, eta gero lortu dute eragile politiko eta gizartearen arteko uztarketa. Hemen ere hori da bidea. Gizarteari eman behar zaio protagonismo osoa, eta alderdiok eta erakundeok gizarteak hasitakoari bideak ireki behar dizkiogu  erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko. Hori da momentu honetan dugun erronkarik nagusiena.

Independentzia lortzeko galdeketa ez, baina hauteskundeak aurki dira Hego Euskal Herrian. Nola ikusten duzu egoera?

Oso interesgarria da. Aldaketa garaiak bizi ditugu, baita politikak egiteko eta politika ulertzeko moduan. Horrela adierazten digute azken aldian izandako hauteskundeetako emaitzek. Ikusi beharko dugu herritarrek zein norabide markatzen diguten. Baina ikusten dugu hauteskundeetatik harago herritarrok ahaldundu beharko genituzkeela, eta ahalduntze horretan, hauteskundez hauteskundetako botoez harago, beste galdeketa batzuk eta politika egiteko beste modu bat bultzatu beharko genituzkeela. Hori da bidea. Ikusiko dugu gizartearen gehiengoak zer norabide zehazten digun.

Zein norabide izan liteke?

Euskal gizartearen gehiengoa aurrerakoia eta ezkertiarra izanik, zalantzarik gabe hemen independentziaren aldeko norabide bat ikusiko dugu, eta norabide horretan bestelako aldaketak eskatuko dizkigute herritarrek: erakundeen funtzionamenduari dagokionean, akordioak erdiesterako orduan, eta abar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.