Hauteskundeak hego euskal herrian

Garbiñe Biurrun ez da izango Ahal Dugu-ren lehendakarigai

Epaileak ezetz erantzun dio Ahal Dugu-ren eskaintzari, aukera gustatu arren ez dielako uko egin nahi "konpromiso pertsonal, profesional eta sozialei".

2016ko maiatzaren 3a
08:39
Entzun

EAEko Ahal Dugu-k eta Garbiñe Biurrunek elkarrekin kaleratutako agirian jakinarazi dute Biurrunek ezetz erantzun diola Ahal Dugu-ren Jaurlaritzako lehendakarigai izateko primarioetara aurkezteko eskaintzari. Erabakia "zaila" izan dela dio epaileak, baina lehendakaritzara aurkezteak "konpromiso pertsonal, profesional eta sozialei" uko egitea lekarkeela kontuan hartuta, ez aurkeztea erabaki duela.

Biurrunek dio Ahal Dugu-k duen "aldaketarako" nahiarekin bat egiten duela, eta "aldaketa hori eta ezinbesteko aurrerapauso horiek" jende askoren parte hartzearekin lortuko direla. Herritarren eta gizarte aldaketarako lanean ari diren taldeen partaidetza beharrezko dela azpimarratu du.

Biurrunek apirilean aitortu zuen Ahal Dugu-k lehendakarigai izateko proposamena egin ziola. Gaur jakinarazi dute ezetz erantzutea erabaki duela. Gainera, epaileak "bihotzez" eskertu dio alderdiari beregan erakutsi duen "konfiantza", eta behar izan duen denbora nahiz hartu duen erabakia errespetatzea.

EAEko Auzitegi Nagusiko magistratua da. Horrez gain, Demokraziarako Epaileak elkarteko kidea da.

Beste alderdiak

Udazkenean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. PSE-EE da oraingoz lehendakarigaia duen alderdi bakarra: Idoia Mendia idazkari nagusia. EAJk datorren larunbatean berretsiko du EBBren proposamena: Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu izatea. EH Bilduren lehendakarigaia Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia izango da, nahiz eta oraindik ez duen ofizial egin. PPrena baliteke Alfonso Alonso Espainiako ministroa izatea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.