Ordezkari jeltzale batek hartuko du Mikel Irizarren lekukoa Gipuzkoako Foru Aldundian, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzan. Garbiñe Mendizabal (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) izango da zuzendari berria, aldundiak jakinarazi duenez.
Eusko Legebiltzarreko kide izan da urteotan Mendizabal, eta hizkuntza politikari buruzko arloetan aritu da. Parlamentari baino lehen ere aritua da euskara biziberritzeko arloan; besteak beste, 1991 eta 1995 artean Gipuzkoako Foru Aldundian bertan Euskara zuzendari izan zen. Euskal Filologian lizentziaduna da.
Mikel Irizarrek joan den astean eman zuen dimisioa, arrazoi pertsonalak argudiatuta.