atxiloketa

Garikoitz Ibarluzeak atxilotuta segituko du Londresen, Espainiaratze auzi saioa egin artean

Atzo atzeman zuen Erresuma Batuko Poliziak, eta gaur epailearen aurrean izan da. Bilatze eta atxilotze agindupean zegoen kale erasoekin lotuta. Ibarrakoa da.

2010eko martxoaren 15a
17:33
Entzun
Garikoitz Ibarluzeak (Ibarra, 1981) uko egin dio Espainiaratzeari, eta Londresen atxilotuta segituko du, Espainiaratze auzi saioa egin bitartean. Baliteke hilaren 22an egitea saioa, bideokonferentzia bidez. Westminsterko barrutiko auzitegira eraman dute gaur, eta Daphne Wickham epailearen aurrean hogei bat minutuz izan da. Daniel Sternberg fiskalak egin ditu Ibarluzearen aurkako eskaerak.

Atzo atzeman zuen Erresuma Batuko Poliziak, Londresen. Iturri ofizialen arabera, lantokian zela atxilotu zuten -sukaldari aritzen da han-. 2006tik bilatze eta atxilotze agindupean zegoen Ibarluzea, kale erasoekin lotuta. 2002an atxilotu zuten, Tolosaldeko beste zazpi gazterekin batera; baldintzapean aske geratu ostean, 2006an epaitu zituzten, baina Ibarluzea ez zen Espainiako Auzitegi Nazionalera agertu.

1999 eta 2002 artean hainbat kale erasotan parte hartu izana egozten diote; besteak beste, Ibarrako bi zinegotziren etxeetara molotov koktelak jaurti izana. Ustez, Alegian eta Tolosan ere egin zituen erasoak.

Sternberg fiskalak azaldu du "leherketa eta hilketa egiteko delituak" direla horiek, kartzelara joateko modukoak, eta Ibarluzea ez aske uzteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.