Radio Euskadin elkarrizketatu dute gaur goizean Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta bertan esan du erabakitzeko eskubidea ez dela bateraezina PSE-EEren "filosofiarekin" eta haren "tradizio errepublikar edo federalarekin". Haren hitzetan, gustatuko litzaioke PSE-EEko kideak "konbentzitzea" eta ulertaraztea erabakitzeko eskubidea "oinarrizko eskubide demokratiko bat" dela.
"Nire ustez, printzipio demokratikoen eta osasun demokratikoaren kontua da. Hori onartu behar lukete bai PSE-EEk eta baita PPk ere, eta EAJk [erabakitzeko eskubidea] gauzatu egin beharko luke, ez soilik postulatu teorikoetara mugatu", adierazi du Garitanok. Haren iritziz, argi geratu da "borondate politikoa" egonez gero posible dela Espainiako Gobernuaren murrizketei aurre egitea eta "politika baliogabe, bidegabe eta atzerakoien mende" ez gelditzea.
Botiken berrordainketaz, Garitanok esan du badirudiela EAJ Espainiako Gobernuak "agintzen dion guztia" betetzeko prest dagoela, "eta hori akats bat da".