Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gaur goizean Euskadi Irratian emandako elkarrizketan azaldu du atzo aldundiak aurkeztutako hondakinen kudeaketa estrategiak Gipuzkoa "punta-puntan" jarriko duela Europa mailan. "Horretaz harro egongo gara etorkizunean", esan du.
Aldundiaren "printzipioei lotuta" egindako estrategia dela berretsi du, Europako hainbat adituren laguntzarekin egina. "Teknikoki oso ona da. Ezin dugu atzerapausorik eman, eta hau aurrerapauso galanta da".
Oposizioaren jarreraren inguruan Garitanok esan du kontuan hartu behar dela "kanpaina politikoa" egiten ari direla, eta batzuek gaia "politizatu" nahi dutela salatu du.
Erraustegia egin behar zuten enpresez galdetuta, Garitanok adierazi du erraustegiaren ordez beste gauza batzuk egin beharko dituztela enpresa horiek, eta lana izango dutela ziurtatu du.