Garitanok dio akordioak egiteko «gaitasuna» erakutsi dutela

«Normalizazio politikoa lortzeko elkarrizketa eta denen parte hartzea» behar direla adierazi du

Erredakzioa
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak adierazi du «adostasuna lortzeko gaitasuna» erakutsi duela Bilduk agintean daramatzan 100 egunetan, eta horren adibide direla zerga sistemaren eta bidesarien inguruan batzar nagusietan lortutako akordioak, eta Kutxen bat egite prozesuari emandako «onarpena».

Akordioak lortu behar direla-eta, azaldu du udalekin «batera»hasi direla lan egiten, eta horretarako Foru Gobernua «alkate guztiekin» bildu dela. Garitanoren esanetan, udaletatik «hurbil» egon nahi dute, horiek baitaude herritarrengandik «hurbilen».

Bestalde, esan du Euskal Herrian «normalizazio politikoa» lortzeko, «elkarrizketa eta denen parte hartzea» behar direla, eta eragile batzuek «bide horretan urratsak» egin dituzten arren beste hainbatek ez dituztela egin;horregatik, «beharrezko pausoak» emateko eskatu die horiei.

«Pertsonek lehentasuna»

Bestalde, Garitanok adierazi du Foru Gobernuaren «politikaren ardatza» ez direla izango «porlana eta etekin sozial nahiko zalantzagarria duten makroproiektuak», baizik eta «pertsonak». Izan ere, haren ustez, herritarrak «gardentasuna», eta «politika sozialagoa eta zentzuzkoagoa» eskatzen ari dira. Era horretan, azaldu du «asko» dutela egiteko, baina «bide hori» herritarrekin egin nahi dutela.

Aurrekontuetan aldundiak 101 milioi euroko «zuloa» duela eta, esan du gipuzkoarrei ezin zaiela errealitatea «ezkutatu». Hori hala, azaldu du hainbat proiektu «eten» dituztela «gizarte politikari eta garraio publikoari lehentasuna» emateko, eta zerga politika «justuago» baten aldeko «lehen pausoak» ematen ari direla «gehien dutenek gehiago ordaintzeko». Era berean, Garitanok adierazi du «zerga iruzurraren kontra borrokatzeko konpromisoa» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.