Garitanok dio Bidegiko «diru aldea» EAJren kudeaketaren ondorio dela

Markel Olanok ez du baztertu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako zentsura mozioa aurkeztea

Donostiako bigarren ingurabideko lanak, 2010eko martxoan, Lasarte-Orian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gipuzkoako aurreko foru aldundiaren «kudeaketa txarrak» eragin du Donostiako bigarren saihesbidea eta AP-1 errepideko bi zati egiteko aurrekontuan dagoen 246 milioi euroren «aldea». Hala ziurtatu du Martin Garitanok, Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Haren arabera, EAJk eta Hamaikabatek osatzen zuten aldundiak kudeaketa «desegokia» egin zuen: «Kudeatzaile on batek ezingo luke inoiz onartu hain alde handia».

Garitanok eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak agerraldi bat egin zuten atzo, aldundiaren eta EAJren artean errepideen finantzaketa dela-eta sortutako eztabaidaren karira. 246 milioi euro horiek non dauden galdetu zion herenegun Ugartek EAJri. Markel Olano eta Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideek Ugarteren dimisioa eskatu zuten; haien iritziz, diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu dio Ugartek EAJri.

Garitanok argitu du Ugartek ez diola delitu hori egotzi aurreko aldundiari: «Datu errealak ezagutarazi baino ez du egin». Ugarteren dimisioa eskatu beharrean alde hori eragin dutenei kontuak eskatzea galdegin dio EAJri: «Alde hori egotea, hori da benetan larria; horrek baldintzatzen du gipuzkoarren oraina eta geroa». Diputazioak jakinarazitako datuen arabera, aldundiak berak kudeatutako lanetan %2 eta %10 arteko «aldea» dago; Bidegik kudeatutakoetan, berriz, %38 eta %65 artekoa. Diputazioak alde hori murrizteko ahalegina egingo duela ziurtatu du Garitanok.

Pazientzia, «bukatuta»

«Diru publikoa bidegabe erabiltzeko akusazioari eusten badio aldundia auzitara eramango dutela iragarri zuten atzo Olanok eta Eneko Goiak, Gipuzkoako Bide Azpiegitura diputatu ohiak. Ugarteren adierazpenak entzunda EAJren pazientzia «bukatu» egin dela adierazi zuten eta, hortaz, Ugarte «berehala» kargutik kentzeko eskatu zioten Garitanori. Olanok jakinarazi du EAJk bilera egin duela PPrekin, PSE-EErekin, EBrekin eta Aralarrekin, alderdi horiei ohartarazteko Ugarteren adierazpenek haiei ere eragiten diela. Izan ere, alderdi horiek parte hartu zuten Bidegik hartutako erabakietan.

EAJk ez du baztertu aldundiaren aurka zentsura mozio bat aurkeztea; Olanoren arabera, EAJk «gero eta arrazoi gehiago» dituaurrekontuetan aldundiari emandako babesa auzitan jartzeko: «EAJk eskua eskaini dio Bilduri, baina txistua bota digu sarri». Errepideak egiteko lanen aurrekontuan aldaketak izan zirela ziurtatu du Goiak, eta aldaketa horien bi adibide aipatu ditu: abiadura handiko trena igarotzeko Donostiako bigarren saihesbideko zubian eginiko aldaketa, bata; AP-1 errepideko Arlabango tunelean eginikoa, bestea. Herenegun eginiko adierazpenekin, Ugartek «muga guztiak gainditu» egin dituela gaineratu du Goiak.

Bestalde, Jaurlaritzako Lehendakaritzan eta Eusko Legebiltzarrerako bozetan pentsatzeari utzi eta gipuzkoarren beharren gainean gogoetatzeko eskatu die PPk EAJri eta Bilduri. PPren ustez, aldundiak «maizegi» egin ditu aurreko diputazioaren aurkako akusazioak, eta gardentasuna eskatu die. Diru aldeak argitzeko, Ugarteren agerraldia eskatu du PPko batzarkide Juan Carlos Canok, eta eztabaidaren atzean «batzuen mendeku gogoa eta besteen nagusikeria» dagoela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.