Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Azpiegitura diputatuak atzo jakinarazi zuen Donostia aldeko saihesbide berriko eta AP-1 errepideko lanetan 247 milioi euroren aldea egon dela, eta galdetu zuen ea diru hori nora joan den. Ondoren EAJk, haserre, eskatu zuen Ugarte kargutik berehala ken dezatela, eta Martin Garitano ahaldun nagusiak lasaitzea galdegin dio gaur EAJri. "Kudeaketa txarraren ondorioz egon da aldea", esan du Garitanok, "auzitan jarri gabe legezkoa izan den edo ez". Aurreko foru gobernuan EAJ eta H1! egon ziren.
Aldundiak dio berak zuzenean adjudikatutako lanetan aldea %2-%10 izaten dela eta Bidegik adjudikatutakoetan %38-%65. Gipuzkoako errepideak kudeatzen dituen erakunde publikoa da Bidegi, eta horrek kudeatu zituen aipatutako bi errepideetako lanak.
"EAJk kudeaketa txar horrengatik kontuak eskatu beharko lituzke, iritzi publikoaren arreta desbideratu nahian ibili gabe", azaldu du Garitanok.
Olano: "Ez dugu akusazio gehiagorik onartuko"
Markel Olano ahaldun nagusi ohi eta EAJko batzarkideak adierazi du ez dutela ulertzen Bilduren jarrera, jeltzaleek luzatutako eskua gutxiesten ari delako. "Ez dugu akusazio gehiagorik onartuko".
Olanok jakinarazi du Donostiako saihesbide berrirako diru gehiago behar izan zutela, Bidegiko administrazio kontseiluan aho batez onartu zela gaia, eta bertako partaide zirela EA eta Alternatiba, biak ere gaur Bilduko kide.